Mayte Carrasco eta Alvaro Colomer kazetariak protagonista 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenean

Bizkaie! 2017-03-13 10:07   Kulturea

Hitzordua Alicia San Juan kazetariak aurkeztuko dau eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera libreagaz.

Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko barriketaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurreratzea ahalbidetzen dauen Bilboko Udalaren ekimenak, nazinoartean ibilbide luzeko kazetari bi batuko ditu bihar, martiaren 14an. Azken aldiko gatazka armatu askotan egindako lanagaitik ezagunak diran Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer izango dira, eta literaturako erreportajeari buruz egingo dabe berba.

Topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, Alicia San Juan kazetaria izango da, eta ez fikzinozko eleberri izenekoan eta literaturako erreportajean oinarrituko dau barriketaldia. Streaming bidez be eskainiko da ondoko helbidean: www.kulturguneatb.eus.

Mayte Carrasco (Terrassa, 1974) gerra gatazketan espezializautako freelance kazetaria, analistea eta irakaslea da. Sarritan irabazi ditu sariak eta, eta EFE, Telecinco, Cadena SER, El Mundo, El País edo Argentinako la Nación medioetan ibili da lanean, besteak beste. Carrasco Komunikazino Zientzietan lizentziatua da Bartzelonako Unibersidade Autonomoan (UAB) eta International Security Studies masterra dauka Terrorismoa eta Gatazken Ebazpena espezialidadean, besteak beste. Mundu arabiarreko eta jihadismoko gaietan espezialistea da, kazetari lez jarraitu dituan gatazketan zuzenean lortu dauen esperientziagaitik Malin, Sirian, Libian, Txetxenian edo Afganistanen, besteak beste.

Horrezaz gan, hainbat liburu argitaratu ditu, La Kamikaze (La Esfera de los libros arg., 2012) Afganistanen bizi izandako esperientzian oinarritutako fikzinozko lehenengo eleberria; kazetaritzearen krisiari eta freelance gerra kazetarien prekariedadeari buruzko Queremos saber (Debate arg., 2012), edo Siriako gatazkea kontetan egoala bizi izandako esperientzia gogorrean oinarritutako Espérame en el paraíso (Plaza & Janés arg., 2014) fikzinoa. Ganera, Siriako erresistentziako giza testigantzen ganeko Estaré en el paraíso ebooka idatzi dau.

Álvaro Colomer (Bartzelona, 1973) idazle eta kazetariari jagokoonez, La calle de los suicidios (Círculo de Lectores, 2000), Mimodrama de una ciudad muerta (Siruela, 2004) eta Los bosques de Upsala (Alfaguara, 2009) hiru eleberri independentek osotutako uriko heriotzeari buruzko trilogia argitaratu dau. Lehen personan idatzitako hiru eleberri horreek, gizarte garaikidean heriotzearen eta norbere buruaz beste egitearen fenomenoa aztertzen dabe hainbat ikuspuntutik. Beste alde batetik, joan dan urtarrilean, Espainiako armadeak Irakeko inbasinoan bizi izan eban burrukaldietako bat izan zan Najafeko gudua irudikatzen dauen Aunque caminen por el valle de la muerte (Literatura Random House) eleberria argitaratu eban.

Era berean, Se alquila una mujer (MR, 2002) eta Guardianes de la memoria (MR, 2008) ez-fikzinozko liburuak argitaratu ditu. Lehenengoa, benetako jazoeretan oinarritutako kontakizunez osotutako Espainiako prostituzinoaren fenomenoari buruzko erreportaje zabala da. Guardianes de la memoria lanari jagokonez, jazoera historikoek markautako Europako geografiako bost puntura (Auschwitz, Chernobil, Gernika, Transilvania eta Lourdes) eroango gaituan bidaia liburua da.

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 10.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, egitarauaren helburua literatureagaz topaketarako eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, topaketa bakotxera konbidautako personakaz jentaurreko barriketadiaren bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu