'Koadernoa zuri' nobelea plazaratu dau Arantxa Iturbek

Bizkaie! 2017-03-09 13:18   Kulturea

Izen bereko antzezlanean oinarrituta atondu dau nobelea Iturbek. Amaren babespean hazitako ahizta biren istorioa da.

Arantxa Iturbe eta Elkarreko editore Xabier Mendiguren, liburuaren aurkezpenean (irudia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egoera berean hazi eta hezitako persona bi zein desbardinak izan leitekezan erakusten dau Arantxa Iturbe idazle eta irrati-esatariak Koadernoa zuri nobelan (Elkar). Protagonistak ahizta bi dira, Begoña eta Arrate, hogei urtean alkarren barri euki barik egon ostean barriro alkartuko diranak.

Amaren babespean hazitakoak dira biak, amaren eragin handia jaso dabe. Gehiegi babestearen erruz, sentimenduak isilpean gordetzera bultzatu zituan amak alaba biak. Baina amaren babespeko umezaro zurrun hori modu desbardinean bizi izan eben Begoñak eta Arratek.

Hogei urte geroago, ama hilten danean, agirian geratuko dira bien arteko aldeak: Bata isila eta esanekoa da; bestea, errebeldea eta lotsabakoa. Amaren babes haretan oinarritutako kontrako jarrerak hartuko ditue batak eta besteak. Trapu zikinak etxean garbitzeko amak emondako aginduari kontra eginaz, danetariko pasadizo eta bizipenak alkarri kontetan hasiko dira ahizta biak.

Alkarrizketa asko dituan nobelea da Koadernoa zuri. Era berean, istorioko ahiztetako batek idatzitako gutunetako pasarteak be tartekatu ditu Iturbek. Elkar argitaletxearen arabera, autoreak trebetasunez ixten dau agirian pertsonaiakaz dauen enpatia.

Izatez, Koadernoa zuri, izen bereko antzezlanaren egokitzapena da. Arantxa Iturbek sarri idatzi izan dau antzerkirako. Kasu honetan, Koadernoa zuri antzezlana Agurtzane Intxaurraga zuzendariagaz batera idatzi eban Iturbek eta Hika Teatroak eroan eban oholtzara igaz. Orain, nobela bihurtuta dakar Iturbek istorio bera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu