Laburbira zirkuitua 32 herritatik pasauko da aurten

Bizkaie! 2017-02-21 12:38   Zinemea

Euskaltzaleen Topaguneak euskerazko zortzi film aukeratu ditu aurtengo zirkuiturako eta 32 herritan emongo ditue, martiaren 3an hasita.

Eki Pagoagak zuzendutako 'Jalgi' filmeko fotograma bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Laburbiraren 14. edizinoan parte hartzeko, 22 film aurkeztu ziran, Topaguneak egindako deiari erantzunaz. Horreetatik zortzi aukeratu ditue: Azken saskia (Oier Fuentes); Beti bezperako koplak (Ageda kopla taldea/koordinatzailea, Bego Vicario); Ihesa (Alejandro Diaz Castaño); Elemakarrak (Ibon Iza); Jalgi (Eki Pagoaga); 280º (UDA Films); EUSPOT (izen bereko lehiaketako lanik onenak); eta Hileta (Kepa Sojo).

Martian eta apirilean, zortzi pelikulok 32 herritan ikusi ahal izango dira. Lehenengo hitzordua martiaren 3an izango da, Azpeitian. Azkena, apirilaren 7an, Igorren. Emonaldi gehien-gehienak Euskal Herrian izango diran arren, atzerrira be helduko da Laburbira, New Yorkeko, Parisko eta Valentziako euskal etxeetara eta baita Londresko Oxford House-ra be.

Herrian herriko udalakaz zein euskera eta kultura taldeakaz alkarlanean antolatu ahal izan dira saioak. Herri bakotxak eskaerea egin dau eta Topaguneagaz adostu da emonaldiaren eguna. Ohiko 30 proiekzinoez gan, Getarian eta Etxebarrin emonaldi bereziak egongo dira, hau da, 32 hitzordu guztira.

Euskeraz sortzen diran film laburrak herriz herri aurkeztea eta gizarteratzea da zikloaren helburua. Kameratoia lehiaketeagaz, Durangoko Azokako Irudienea guneagaz eta Benito Ansola bekeagaz batera, euskal ikus-entzunezkoak bultzatzeko Topaguneak urtero antolatzen dituan ekimenetako bat da Laburbira.

Honeek izan dira filmak aukeratzeko erespideetako batzuk: Publiko guztientzako film aproposak izatea; sortzaile ezagunen eta hasibarrien arteko orekea bilatzea; eta lurralde eta genero aldetik askotarikoak izatea.

Aurtengo emonaldien egutegi osoa, behean:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu