Zinema-ziklo berezia 'Renoir: intimitatea' erakusketearen harian

Bizkaie! 2017-02-21 08:47   Zinemea

Pierre-Auguste Renoirri eskainitako erakusketearen harian, Bilboko Arte Eder Museoak eskainiko deuskun lehenengo filma Gilles Bourdosen (2012) Renoir izango da zezeilaren 24an.



Pierre-Auguste Renoirri eskainitako erakusketearen harian, pintoreari eta haren garaiaren ganeko zikloa antolatu dau Bilboko Arte Eder Museoak. Programeari hasierea emoteko, Gilles Bourdosek 2012an filmautako Renoir lana izango dogu, artistearen kontakizun biografikoa. Ondoren, Bertrand Tavernierren Un dimanche à la campagne (1984) etorriko da, Frantziako landazabalera egindako hurreraketa hunkigarria, artearen eta bizitearen arteko hartu-emonen ganeko alkarrizketea. Gero, Une partie de campagne (1946) film ertaina proiektauko da. Bertan, Jean Renoirrek omenaldia egiten deutso aitari, eta zinemeari eta pintureari buruz hausnartzen dau haren koadroen bidez. Azkenik, Fernando Truebaren Belle Époque izango da ikusgai –ingelesa ez dan hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar Saria 1993an–. Garai haretako espiritua ekarten deusku gogora, pintore bitxi baten eta haren lau alaben istorioaren bidez.


Egitaraua:

- Zezeilaren 24an, 19:30ean, Renoir. Gilles Bourdos (2012). J.B.A. (Azpitituluak gaztelaniaz).

- Martiaren 3an, 19:30ean, Un dimanche à la campagne. Bertrand Tavernier (1984). J.B.A. (Azpitituluak gaztelaniaz).

- Martiaren 10ean, 19:30ean, Une partie de campagne. Jean Renoir (1936). J.B.A. (Azpitituluak ingelesez).

- Martiaren 17an, 19:30ean, Belle Époque. Fernando Trueba (1992). J.B.


Sarrerea doakoa izango da, eta proiekzinoaren egun berean hartu ahal izango da museoko txartel-leihatilan.

 

Renoir: intimitatea

Gure herrialdean Pierre-Auguste Renoir (Limoges, 1841-Cagnes-sur-Mer, 1919) margolari inpresionista frantsesari buruz egiten dan lehenengo atzera begirako erakusketea da. Igazko udagoienean aurkeztu zan Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoan, bertako zuzendari artistikoa dan Guillermo Solanaren komisariotzapean, eta, orain, Bilboko Arte Eder Museoan egongo da ikusgai maiatzaren 15era arte, BBKren babesari esker.

Bilbon, mundu zabaleko museo eta bildumetako 64 margolan dagoz ikusgai: Parisko Musée Marmottan Monet eta Musée Picasso, Chicagoko Art Institute, Londreseko National Gallery, New Yorkeko Metropolitan Museum of Art edo Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museokoak, besteak beste.

Margolan horreek hautatu dira, Renoirren ibilbide osoan iraun eban estiloaren ezaugarri bereizgarri bat nabarmentzeko: pinturearen ukipen-balioei emoten deutsen garrantzia. Horri jagokonez, Jean Renoir zinemagileak honako hauxe idatzi eban aitari buruz: loreei, emakumeei eta zeruko hodeiei begiratzen eutsen, beste gizon batzuek ukitu eta laztandu egiten dituen moduan. Holan, erabat ikusizkoa zan inpresionismoaren aurrean, Renoirren mihiseek ukimenagaz lotutako zentzumenezko faktoreak sustatzen ditue; esate baterako, bere modeloen larruazala edo ulea edo lorategiko adarrartea. Ezaugarri bereizgarri hori, ganera, landu zituan genero guztietan atzemoten da, hau da, erretratuetan, biluzietan, taldeen eszenetan, paisajeetan eta natura hiletan.

Era berean, Renoirrek margotu zituan erretratu ugarietan modu berezian atzemoten dan beste ezaugarri bat bere nabarmenduko da erakusketan, artista bera ganerako margolari inpresionistetatik bereizten dauena: modeloagaz eta ikusleakaz etenbarik bilatutako enpatia. Horretarako, konposizinoetan, irudikatutako subjektua bera da nagusi, baina, aldi berean, mundu pribatuko eszenak miresteko konbita be egiten deutse ikusleei. Erakusketako ibilbideari esker, ikusi ahal izango dogu margolariak bolumenaren, materiaren edo testuraren iradokizunak darabilzala, erotikoa ez eze, soziala, lagunartekoa edo familiarra be baden intimidadeko eszenak irudikatzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu