Las Tea Party DJ's eta Jon de Miguel izango dira Bilboko aratusteetako Farolin eta Zarambolas

Bizkaie! 2017-02-03 08:17   Kulturea

Bilboko Jai Batzordeak aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak aukeratu ditu, 1984tik urtero egiten dan legez. Bilbotar izatearen ordezkari dira.

Las Tea Party DJ's, 2017ko Farolin | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Aratusteetarako aukeratzen diran pertsonaia bereziak dira Farolin eta Zarambolas. Bilbotarren izakerearen erakusgarri diran personei emoten jake izendapena eta ospakizunetan parte hartzen dabe. Hain zuzen be, Bilboko aratusteetako une garrantzitsuenetako bat Farolin eta Zarambolasen epaiketea izaten da.

Aurten, musikearen eta ostalaritzearen mundura begiratu dabe Jai Batzordeko kideek, hau da, Bilboko Udaleko eta Konparsetako ordezkariek. Las Tea Party izenaren atzean, uriko DJ gazte bi dagoz, Lorea Argarate eta Eva Gutierrez. Jon de Miguel, ostera, ostalaritzan dabil lanean.

Farolin pertsonaia esparru publiko edo profesionalean ezagutzea lortu dauen bilbotar bat izaten da urtero (ez dau zertan Bilbon jaioa izan, baina uriagaz lotura sendoa izan behar dau). Bilboren izena hitzetik hortzera darabilen personea da Farolin eta bere ustea Semper Plus Ultra (Beti harago) esaldiak laburbatzen dau. Oraingoan, Farolin bat barik, bi izango dira, Las Tea Party DJ's lagun bik osotuten dabe eta.

Zarambolas, ostera, gibel-handia, Bilboko izakerearen ordezkaria da, inork edo ezerk be ez deutso bere bizimodua aldatuko. Ondo bizi izatea atsegin dauen pertsonaia da eta Carpe Diem (bizi eizu unean unekoa) da bere leloa. Jon de Miguel aukeratu dabe 2017ko Zarambolas izateko, Plaza Nueva tabernan dabilen ostalaria. Sari ugari irabazi ditu taberneak aratusteetan, dekorazino eta giro apartari esker eta Aste Santuko kofradeen pintxoak be ospetsu bihurtu dira.

2017ko Bilboko aratusteak zezeilaren 18tik 28ra ospatuko dira. Farolin eta Zarambolas pertsonaiak 1984tik dira jai horren parte. Aratuste tradizionaletako pertsonaia gaiztoen ereduan oinarrituta dagoz Farolin eta Zarambolas, eta horreek epaitzeko dagoan ohiturearen parodia da.

Jon de Miguel, 2017ko Zarambolas

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu