Orain dala 30 urteko sasoira bidaia egin dau Patxi Zubizarretak nobela barrian
2016-11-18 11:25 Kulturea1987an Hendaiatik Bartzelonara bizikletaz egin eban bidea fikzinora pasauta sortu dau Zubizarretak Erantzuna haizean dabil (Txalaparta). Manu Ortegak egin ditu ilustrazinoak.
Patxi Zubizarreta idazleak bidaia bikotxa egin nahi izan dau nobela honetan: batetik, geografikoa, Hendaiatik Bartzelonara orain dala ia 30 urte egin eban ha gogoan; bestetik, denporazkoa, hiru hamarkada atzera egin eta orduan egoan giroaz idatzi dau eta. Protagonistea Tomas izeneko mutila da, fikzinozkoa, baina Zubizarretaren ibileretan dauka liburuak abiapuntua. Hortaz, fikzinozko nobelea izan arren, ikutu autobiografikoa be badaukala onartu dau autoreak.
1987ko bizikleta ganeko bidaia haretan idatzi eban koadernoa izan da nobelearen oinarrietako bat. Modu horretara, Zubizarretak autortu dau, gaztetze baten modukoa izan dala liburua idaztea. Aspaldi pasautako sasoi haretara bueltetea sensazino zirraragarria izan dala dino.
Tomas protagonistea Hendaiatik Bartzelonara bidean ipini dau, beraz, Patxi Zubizarretak, bidaia-koaderno baten moduan antolatutako nobela honetan. Maitasunak bultzatuko dau horretara, Kataluniako uriburuan bizi dan Adela topetako gogoak. Bidaian, kezkak eta ilusinoak agertuko jakoz Tomasi.
1980ko hamarkadearen amaierako urteak aldaketa sasoiak izan ziran, garai interesgarriak nobela bat kokatzeko. Horregaitik, denporazko bidaia horretan, nobelako pasarteak 1987ko gertakari historikoakaz lotu ditu Patxi Zubizarretak. Euskal gatazkea, langileen burrukea, erlijinoa eta abar agiri dira.
Formatu aldetik, ezohikoa da Erantzuna haizean dabil. Izan be, istorioaren funtsa ez dago Patxi Zubizarretaren testuan bakarrik, Manu Ortegak egindako ilustazinoek be esangura handia daukie. Formatu freskoa bilatu dau Zubizarretak, gaur egungo gazteakaz konektau nahian. Halandabe, gazteen literaturako liburu asko idatzi dituan arren, oraingo hau helduentzako dala nabarmendu dau, baina gazteak be kontuan hartu ditu. Azken finean, Zubizarretak berak gaztarorako bidaia egin dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!