Imanol Urbieta irakasle eta musika sortzailea hil da

Bizkaie! 2016-09-28 13:36

Abesti ezagun ugari sortu zituan, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako eta beste eskola batzuetako irakasle zala: Jon Braun, Ran Rober Ran...

Imanol Urbieta, 2013an Zarautzen egin eutsen omenaldian (argazkia: Zu Zarautz) | Ikusi handiago | Argazki originala

Umeak eta musikea izan ziran Imanol Urbietaren pasino handienetako bi eta Salbatore Mitxelena ikastolan topau eban biak buztartzeko modua. 1960ko hamarkadan, Zarauzko ikastola horretako aitzindarietako bat izan zan. Metodo barritzaileak erabilita, arrastoa itxi eban ikasle izan zituan personakan. Musikea zan metodo horren oinarrietako bat. Urbietaren kanta ezagunenetako protagonista ugari, hain zuzen, bere ikasleak izan ziran.

Gero, beste eskola batzuetan be ibili zan, Donostian. Ganera, udan, bidaiak egiten zituan umeakaz. Helburu pedagogikoagaz sortutako abestiak diskoetan batzen hasi zan Imanol Urbieta 1967an. Haur kantariak izan zan lehenengo bildumea, Bartzelonan grabautakoa. 1979an Xirula Mirula argitaratu eban. Diskoei esker, Urbietaren kantak ezagun egin ziran Euskal Herri guztian eta ikastola askotan erabili ziran. Belaunaldi bateko baino gehiagoko neska-mutilentzat izan da erreferente kantu sorta hori. Ran Rober Ran, MacMikel, Jon Braun eta Txiki txiki txikia dira, beharbada, ospe handiena lortu daben kantak.

Teologia eta Letretan lizentziaduna zan eta, ganera, musika ikasketak egin zituan Europako uri batzuetan. Ikastoletan ez eze, berak sortutako akademian erabili zituan teknika pedagogiko aurreratuak. Euskereari egindako ekarpenagaitik be nabarmendu izan da Urbietaren lana. Euskerazko irakaskuntza hasibarriarentzat tresna baliotsuak izan ziran haren abestiak.

Erretiroa hartuta egon da Imanol Urbieta eta omenaldiren bat baino gehiago egin deutsie urteotan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Anton Abbadia saria emon eutsien 2007an eta Durangoko Azokan Argizaiola 2010ean. Hainbat musikarik (Mursego, Joseba Irazoki, Eñaut Elorrieta, Anari, Makala, Lou Topet eta abarrek) haren omenezko diskoa plazaratu eben 2013an, Imanol Urbieta, bakarrik eta libre. Gaur hil da Urbieta, 82 urtegaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu