Emma Suárezek, Mireia Gabilondok eta Cayetana Guillén Cuervok aurkeztuko dabe Donostiako 64. Zinemaldiaren inaugurazino-galea
2016-09-16 09:36 ZinemeaDonostiako 64. Zinemaldiaren inaugurazinoa gaur, irailaren 16an, izango da, 21:00etan, Kursaal auditoriumean. Hilaren 24ra arte, 200 film baino gehiago izango dira ikusgai, horreetatik 25 Sail Ofizialean.
Azken edizinoetan legez, galea Patxi Barco aktore, errealizadore eta gidoilariak zuzenduko dau. Hiru led-pantailek girotuko dabe ekitaldia, eszenatokian jazoten danagaz alkarreraginean, berbarako, galea abiarazoko dauen jantzeagaz. Barcoren ustez, aurtengo Zinemaldia kontakizun diran istorioz betetako liburu bat da, eta inaugurazino-gala hau liburuaren azala izango da. Xabier Zabalaren Munduko loreak konposizinoa galako soinu-bandea izango da.
Zinemaldiaren babesle eta bidaide dan TVEren 60. urteurrenari keinu bat egingo jako, baita Donostiaren Europako kultur-uriburutzeari be, batez be uriburutzeak eta Moriarti Produkzinoak (Loreak) alkarregaz produzidu daben Kalebegiak film kolektiboari (Zinemaldiaren barruan estreinauko da, Belodromoan, irailaren 21ean).
Inaugurazio-galearen amaierari ekin aurretik, epaimahai ofiziala aurkeztuko dabe eta horren presidentearen, Bille August zinemagile daniarraren berbak entzuteko aukerea izango da. Amaitzeko, inaugurazino-filmaren lantaldeak hartuko dau parte. Zuzendariak, Emmanuelle Bercot frantziarrak (La Tête haute), eta protagonistak, Sidse Babett Knudsen aktore daniarrak (Borgen), aurkeztuko dabe La fille de Brest / 150 milligrams filma.
Ganerakoan, Urrezko Maskorra lortzeko lehian, besteak beste, Bertrand Bonello (Nocturama), Fernando Guzzoni (Jesús), Johannes Nyholm (Jätten / The Giant), William Oldroyd (Lady Macbeth), Arnaud des Pallières (Orpheline / Orphan), Miles Joris-Peyrafitte (As You Are) eta Hong Sang-soo (Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours) zinemagileen lanak Sail Ofizialean lehiatuko dira.
Sigourney Weaver eta Ethan Hawke
Sigourney Weaverrek, Un monstruo viene a verme (A Monster Calls) filmeko protagonisteak Donostiako 64. Zinemaldiaren Donostia Saria jasoko dau. Aitatu filmaren Europako estreinaldia Sail Ofizialean izango da, lehiaketaz kanpo.
Irailaren 17an, barriz, Ethan Hawkek (Austin, Texas, 1970) 64. Zinemaldiko Donostia Saria jasoko dau. Haren lan-ibilbide luzearen omenezko ekitaldi batean emongo deutsie saria, The Magnificent Seven filmaren gala-emonaldiaren aurretik.
Izarrak ugari
Donostia sariez eta Zinema Latinoaren Jaeger-LeCoultre sari barriaren irabazle Gael García Bernalez gan, aktore zerrenda luze batek baieztatu dau Donostian izango dirala: Monica Bellucci, Fan Bingbing, Jennifer Connelly, Javier Bardem, Richard Gere, Joseph Gordon-Levitt, Hugh Grant, Isabelle Huppert, Ewan McGregor, Cynthia Nixon, Ken Watanabe, Lambert Wilson, Shailene Woodley eta Lee Yoo-young.
Horreez gan, ondokoko zinemagileak etorriko dira beren filmak aurkezten: Maren Ade, Emmanuelle Bercot, Bertrand Bonello, Terence Davies, Hirokazu Koreeda, Pablo Larraín, François Ozon, Gianfranco Rosi, Oliver Stone, Bertrand Tavernier eta Paul Verhoeven, beste askoren artean
Sail Ofizialeko epaimahaiak Bille August daniar zinemagilea izango dau buru.
Zinemirak inoiz baino euskal produkzino gehiago aurkeztuko ditu
Zinemira sailak inoiz baino euskal produkzino gehiago eskainiko ditu, 17 lan, zehatz esateko; horreetatik zortzi, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian izango dira.
Ramón Bareak Euskal Zinema eta ETB Galan jasoko dau Zinemira saria. Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA produkzino-alkarteek banatzen dabe sari hori, euskal zinemearen persona ospetsu baten ibilbidea omentzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!