Azkuna Zentroak Jose Mari Zabala irundarrari eskainitako zinema zikloa antolatu dau

Bizkaie! 2016-09-12 12:19   Zinemea

Bilboko Azkuna Zentroko Zinematekeak Jose Mari Zabala (Irun, 1949) artista esperimentalaren lana aurkeztuko dau hilaren 13, 14 eta 15ean.

Ziklo berezi honetan, zeluloidean egin eban lehen filma Axut, 35mm-tan, 1973. eta 1975. urteen artean filmauta Euskal Herrian; eta azken filma ‘Cuba Corazón’, bideoan grabautakoa Kuban, 2000. urtean egongo dira ikusgai. Programea egileak 80ko eta 90eko hamarkadetan egin zituan bideo laburren aukeraketa bategaz osotuko da.

Aurrez aurreko saioetan bakarrik eskaintzen danez, Jose Mari Zabalaren produkzino emonkorra nahiko ezezaguna da zabalkuntzako bideetatik kanpo garatzen baita. Juan Pérez Agirregoikoa artisteak proponiduta eta ‘Donuts’ izenburupean, 2006an, Zabalak bere bideografiaren erakusgarri bat eskaini eban Iñaki Imaz margolariak Donostian duaen estudioan, eta, era horretan, hartu-emonetan jarri zan artisten belaunaldi barriakaz.

Zikloak hurrengo hitzorduak ditu: Jose Mari Zabalari eskainitako zinema zikloaren harian, Juan Pérez Agirregoikoaren berbaldia, Jose Mari Zabalagaz alkarrizketea eta bideo laburren aukeraketea antolatu ditu Zinematekeak (2016ko irailaren 13an, 19:00etan. Sarrerea doban da gonbidapenagaz (infopuntuan jaso behar da). Hitzordu hau eta proiekzinoak Golem zinema-aretoetan izango dira, 2. pisuan.

Horrezaz gan, hainbat film labur proiektauko ditue:
 
2016ko irailaren 14an, 17:30ean eta 15ean, 17:30ean: Axut (1975). Zuzendaritzea, errealizazinoa eta edizinoa: Jose Mari Zabala. Aktoreen zerrendea: Koldo Garate, León Poplawsky, Iñigo Altolaguirre, Pedro Campillo, Elena Irureta eta María Ziegler. Egungo eta iraganeko presentziak: lapurrak, militarrak, piratak, ejekutiboak, fraileak, indartsuak, sorginak eta bestelakoak batzen dituan ikonografiatik abiatuta, eta musika eta zaratakaz eratutako ahozkoaren aurreko hizkuntzea erabiliz, euskal iruditeriaren erretaula bizidun bat aurkezten dau, zirku metafisiko baten moduan.

Salneurria: 4,5 € / 3,5 € Az txartelagaz.

Irailaren 14an, 19:30ean eta irailaren 15ean 17:30ean: Cuba Corazón (2000). Zuzendaritzea, errealizazinoa eta edizinoa: Jose Mari Zabala. Dokumental honek Kubara egindako bidaia bi ditu ardatz, bata Karibeko ugartean 45 egun emon ondoren, eta bide ofizialetatik kanpo bestea, kontrolari aurre egiteko. Lehen eskuko ikuspegia emoten dau 2000. urteko Kubako eguneroko bizitzeari buruz.

Salneurria: 4,5 € / 3,5 € Az txartelagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu