4.109 film labur izango dira aurten 58. Zinebin
2016-09-08 13:27 ZinemeaOscar Mariné diseinugile eta ilustratzaileak egin eta lehiaketea iragarten dauen kartelak, orain urte bi hildako Philip Seymour Hoffman antzezlearen irudi bat hartu dau oinarri.
Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia (ZINEBI) zemendiaren 18tik 25era izango da. Lanak aurkezteko epea zarratu da, eta Zinebik 4.109 film jaso ditu. Horreen artean aukeratuko dira Lehiaketako Atal Ofizialean lehiatuko diranak, lehiaketan parte hartuko daben hiru generoetarako (fikzinoa, dokumentala eta animazinoa) Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz.
Lanon jatorriari jagokonez, ohikoa danez, Estadua azpimarratu behar da (814 film, horreen artean Euskal Herriko 92), eta ondoren Frantzia (539), Alemania (217), AEB (177) eta Erresuma Batua (157) datoz. Eremu latinoamerikarrari dagokionean, film labur gehienak Brasiletik (167) Mexikotik (143) eta Argentinatik (154) heldu dira, baina baita Kolonbiatik (74), Txiletik (39), Venezuelatik (14), Kubatik (19) edo Uruguaitik (18) be, beste leku batzuen artean.
Zinema produkzino urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna daben herrialdeen artean, ondokoak azpimarratu behar dira: Afganistan (1), Albania (3), Saudi Arabia (6), Burkina Fasso (2), Zipre (5), Boli Kosta (1), Arabiar Emirerri Batuak (14) Irak (8), Jamaika (1), Kirgizistan (3), Palestina (1), Sri Lanka (1), Sudan (1) eta Trinidad eta Tobago (2). Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek nabarmendu egiten du, barriro be, zinemaldi beterano honen nazinoarteko izakerea.
Azkenik, izena emon daben filmen generoei jagokoenez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 2.497 fikzinozkoak dira (% 60,76), 1.202 dokumentalak (% 29,25) eta 410 animazinozkoak (% 9,99).
58. Zinebiko kartela
Óscar Mariné diseinugile eta marrazkilariak Zinebiren 58. edizino honetarako sortu dauen kartelaren protagonista, 2014an hil zan Philip Seymour Hoffman antzezle estadubatuarra da. Marinék, antzezleak Capote film arrakastatsuan egin eban Truman Capote idazle estadubatuarraren irudia aukeratu dau. 2005ean, Bennett Millerrek zuzendu eban film horretan antzezleak gizonezkoen interpretazino onenaren Oscar saria irabazi eban.
Kartelaren irudiak, dotore jantzitako Seymour Hoffman erakusten dau, kamereari albotik begiratuz, idazle handiaren nortasun indartsuagaz eta konplexuagaz bat datorren erdi-irribarre zorrotz eta ironikoagaz. Idazlearen nortasun hori izan zan antzezle lez egin eban lanaren oinarri nagusia.
58. edizinoko kartelagaz, Zinebik omenaldi berezia eskaini nahi deutso arauz kanpoko antzezle horri, oso ohikoak ez diran antzezpenerako baliabideak zituanari, horreen artean fisikoa, begiradea, ahotsa eta keinu errepertorio mugabakoa. Horri guztiari esker, Seymour Hoffman mundu osoan arrakasta handia jaso eban antzezlea izan zan.
Irudi zuzen horrek erakusten deuskunez, zinemearen eta ikus-entzuleen arteko hartu-emonetan sortzen dan lotura emozionala eta limurtzailea betidanik, eta baita gaur egun be, posible egiten dauen baldintzetako bat antzezleen arpegian, talentuan eta sinisgarritasunean oinarritzen da, eta horreek guztiak zituan Philip Seymour Hoffmanek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!