Nagore Amenabarroren eta Fernando Villenaren 'Bolizko Atea' Bizkaiko Batzar Nagusietan ikusgai

Bizkaie! 2016-09-07 13:49   Kulturea

Erakusketea irailaren 26ra arte egongo da zabalik Bilboren erdialdean dagoan Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua).

Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultadeak aurrera daroen lankidetzarako hitzarmenaren barruan, aurtengo laugarren erakusketea aurkeztu dabe; Bolizko atea erakusketeak, Leioako campuseko Pintura Sailaren harrobi emonkorretik sortutako Nagore Amenabarro eta Fernando Villena artista gazteen lana batzen dau.
 
Bizkaiko Batzarrek aurrera jarraitzen dabe uriaren erdialdean leku librea eskaintzeko apostuagaz, Euskadin trebatu eta hazitako artisten lana Bizkaiko gizarteari helduarazoteko. Oraingo honetan, Nagore Amenabarro amezketarrak eta Fernando Villena bilbotarrak, euren moduakaitik eta modu eta erabilitako materialakaitik pinturatzat antzemoten doguzan dimensino biko artefaktuak egiten ditue, Txus Meléndez irakasleak, erakusketearen komisarioak, erakusketearen katalogoan esaten dauen moduan.

Villenak hainbat lekutara egin dituan bidaietako argazkiakaz eta bideoakaz esperimentetan dau, eta gero, oroimenetik, margolariaren jakituriatik eta horren guztiaren sintesitik, bere koadroetan oso antolakuntza eregia eta anitza eskaintzen dau: kolore lauz osotutako gainazalak, mozketak eta keinuak, pintzelaren zantzuak eta, batzuetan, gertuko tonu biren ñabarduren jolasa, erlauntz baten burrunba urrunagaz parekatuta, Meléndezek deskribidu dauenez.
 
Amenabarro, barriz, motibo naturaletan oinarritzen da (loratan gehienetan), eta tonu nagusien (urdinak, zuriak eta grisak) aukeraketea moduko hainbat ekintzaren bitartez, motiboa lanbro antzeko giroan edo ordena desbardina iragarten dauen mikroskopiotik ikusitako laborategiko laginean murgilduz lausotzen dau, erakusketearen komisarioak adierazo dauenez.

Erakusketea irailaren 26ra arte egongo da zabalik Bilboren erdialdean dagoan Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua), goizeko 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura, eta zapatuetan 14:00etara. Sarrerea librea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu