Gasteiz magiaren Europako uriburu izango da datozen egunetan
2016-09-07 10:59 KultureaIrailaren 12tik 18ra egingo da Magialdia, XXVIII. Gasteizko Nazinoarteko Magia Jaialdia.
Urtero legez, Magialdiaren datuak sano esanguratsuak dira; aurten be abangoardiako ikuskizunen alde egin dabe antolatzaileek, kalidade handikoak eta Gasteizen sekula ikusi bakoak; 35 artista konbidadu baino gehiagoren lanak ikusi ahal izango dira, 11 herrialdetatik etorritakoak: Korea, Frantzia, Ingalaterra, Suitza, Japonia, Errusia, Argentina, Finlandia, Hungaria eta Txile.
Danetara, 75 ikuskizun eta programazinoko 80 ordutik gora, uriko 25 agertokitan. Ganera, jaialdiaren bereizgarrienetakoa da ekitaldi gehienak antzokietatik kanpo izaten dirala eta ez dala sarrerarik pagau behar; magia zuzenean erakusten jako jenteari: kaleetan, dendetan, tranbiako geltokietan eta beste hainbat lekutan be.
Horrezaz gan, 350 mago profesional eta amateurrek Europa Biltzar Jauregiko lan jardunaldi espezializatuetan hartuko dabe parte.
Bestetik, aurtengo edizioan bertako bi magoren lana aurkeztu eta autortuko da, joandako bagilean Granadan egindako azken Magia Biltzar Nazionalean sarituak izan baitira: Imanol Pérez de Albénizek (D’Albéniz) manipulazino espezialidadeko 2. saria irabazi eban eta Antonio Pérezek (Señor Pérez) magia orokorreko espezialidadean ikusizko emonaldi onenaren saria.
Mgialdia, XXVIII. Gasteizko Nazinoarteko Magia Jaialdiaren ganeko zehaztasun gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!