Bille August izango da epaimahaiburu Zinemaldian

Bizkaie! 2016-09-05 10:27   Zinemea

Irailaren 16tik 24ra izango dan Donostiako  64. Zinemaldian inoiz baino izar gehiago izango dirala adierazo dau Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak.

Donostiako  64. Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiak Bille August daniar zuzendaria eta Danimarkako zinemearen sustatzailea izango dau buru. Pelle erobreren filmaren egileak Urrezko Palmorri bi irabazi zituan Cannesen eta Oscar sari bat. Urrezko Maskorra aukeratzeko zereginean Anahí Berneri argentinar zuzendaria, Esther García espainiar produktorea, Jia Zhang-ke txinatar zuzendaria, Bina Daigeler alemaniar jantzitegi-diseinatzailea, Matthew Libatique estadubatuar argazkilaritza-zuzendaria eta oraindino zehazteko dagoan beste epaimahaikide bat izango ditu lagun.

Euskal Zinemearen Irizar Sariaren epaimahaian, barriz,  Anjel Lertxundi izango da buru. Zinemirako film onena zein dan erabagiteko lanean, Maite Arroitajauregi (Mursego) musikari eta konpositoreak eta Jon Garaño zinemagileak lagunduko deutsie.

Beste alde batetik, Kutxabank-Zuzendari Barriak saileko epaimahaia honako honeek osotuko dabe: Carlo Chatrian italiar idazle eta programatzailea, Locarnoko zinema-jaialdiaren zuzendaria; Eulàlia Iglesias Huix espainiarra, zineman eta ikus-entzunezkoetan espezializatutako kritikaria; Pablo Álvarez txiletar zuzendaria; Isabel Stevens britainiar kazetari eta arte-komisarioa, eta Victória Guerra portugaldar aktorea.

Horizontes Latinoseko epaimahaiko presidenteak, Imma Cuesta espainiar aktoreak, Andrés Di Tella argentinar zinemagileagaz eta Sundanceko zinema-jaialdiko programatzaile Shari Frilotegaz adostuko dau Horizontes Sariaren banaketa.

Lehiaketako lehen urtean, barriz, Zabaltegi-Tabakalera saileko epaimahaiak ondoko kideak batuko ditu: Virginia García del Pino (presidentea), Federico Veiroj uruguaiar zinemagilea eta konfirmetako dagoan hirugarren kide bat.

Irailaren 16tik 24ra izango dan Donostiako  64. Zinemaldian Sigourney Weaver eta Ethan Hawke Donostia sariez eta Zinema Latinoaren Jaeger-LeCoultre sari barriaren irabazle Gael García Bernalez gan, aktore zerrenda luze batek baieztatu dau Donostian izango dirala: Monica Bellucci, Fan Bingbing, Jennifer Connelly, Javier Bardem, Richard Gere, Joseph Gordon-Levitt, Hugh Grant, Isabelle Huppert, Ewan McGregor, Cynthia Nixon, Ken Watanabe, Lambert Wilson, Shailene Woodley eta Lee Yoo-young.

Zuzendarien artean, barriz, Donostian izango dira, besteak beste, Maren Ade, Emmanuelle Bercot, Bertrand Bonello, Hirokazu Koreeda, Francois Ozon, Oliver Stone, Bertrand Tavernier eta Paul Verhoeven.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu