Getxoko Film Laburren Express lehiaketan izena emoteko epea abuztuaren 31n hasiko da

Bizkaie! 2016-08-30 10:23   Zinemea

Lehenengo aldiz egingo dabe lehiaketea irailaren 30etik urriaren 2ra, Areetako Andres Isasi musika eskolan. Izen emotea irailaren 26ra arte egongo da zabalik.

Getxoko Udalaren babesagaz sortu dabe Film Laburren Express lehiaketea. Aurten izango dau lehenengo edizinoa. Bikoteka edo taldeka parte hartu ahal izango da eta hiru sari egongo dira.

Lehiaketearen arauak errazak dira: Irailaren 30ean, 18:00etan, GetxoLan erakundearen egoitzan, gaia emongo jake parte-hartzaileei, horregaz gehienez lau minutuko filma grabau eta editau daien. 44 orduko epea izango dabe horretarako, urriaren 2ko 14:00ak arte arte. Antolatzaileek azaldu dabenez, denporea mugatua danez, parte-hartzaileen argitasuna, sormena eta originaltasuna izango dira sariak eskuratzeko giltzarriak.

Gehienez, bost laguneko taldeak onartuko dira. Alderdi teknikotik, ostera, edozein tresna edo baliabide erabili leiteke. Bardin onartuko dira, esaterako, sakelako telefono bategaz grabautako filma zein ekipo profesional bategaz egindakoa. Hori bai, antolakuntzak ez deutse parte-hartzaileei tresnarik itxiko, bakotxak berea eroan behar dau.

Lehiaketearen azken egunean, behin lan guztiak entregauta, proiekzinoa egongo da Andres Isasi musika eskolan. Doban sartu ahal izango da ekitaldi horretara. Adituen talde batek erabagiko dau lehen eta bigarren sariak nori emon, 1.000 eta 500 eurokoak hurranez hurran. Ganera, publikoaren saria, 250 eurokoa, egongo da.

Oinarriak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu