Jacques Cousteauren inguruko filmaren estreinaldiak zarratuko dau Donostiako Zinemaldia
2016-08-12 12:05 ZinemeaL'Odyssée pelikulearen mundu mailako estreinaldia proiektauko da irailaren 24an, Zinemaldiaren amaierako galan. Frantzia eta Belgikaren arteko koprodukzinoa da.
Jerôme Sallek idatzi eta zuzendu dau filma. Jacques Cousteau (1910-1997) urpekari eta ozeanoetako ikerlari ospetsuaren inguruko lana da. Haren seme Philippegaz bizitako abentura baten kronikea da L'Odyssée, bertan izandako zailtasunak kontetan dituana. Esaterako, aita-semeen hartu-emona hotzitu egin zan, Jacques Cousteauren amesak tarteko.
Beraz, dibulgatzaile zientifikoaren alderdi personalena ezagutzeko aukerea emoten dau filmak. Istorioaren abiapuntuan, telebistako dokumentalek ezagun egin eben Calypso ontzian urtengo dabe, abentura bila, Jacques eta Philippe aita-semeek. Tragedia be hurretik biziko dabe, baina.
Lambert Wilson, Pierre Niney eta Audrey Tatou dira pelikulako aktore nagusiak. Jerôme Salle da zuzendaria, baita gidoilaria be. Hollywoodeko aktore ezagunak izan ditu bere aginduetara aurretik zuzendutako beste film batzuetan (The Tourist, Zulu...).
Frantziaren eta Belgikaren arteko koprodukzinoa da L'Odyssée, 35 miloe euroko aurrekontuduna. Mundu mailako estreinaldia Donostian egingo dabe, Zinemaldiaren amaierako galan, irailaren 24an. Lehiaketaz kanpo parte hartuko dau filmak. Zinemaldiaren 64. ekitaldia biribilduko dau, beraz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!