Neurketa zientifikoen tailerra umeentzat, abuztuaren 21ean Santimamiñen

Bizkaie! 2016-08-10 12:30   Kulturea

Gurasoek bisita gidatua egiten daben bitartean, 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek kobak topetako erabilten diran teknikak ezagutuko ditue.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dau familia guztiarentzako jarduera hori. Domekan, abuztuak 21, izango da, eguerdiko 12:00etan, Kortezubiko Santimamiñeko kobazuloan eta inguruko parajeetan. Jolasen bidez, umeek hainbat tresna erabilten ikasiko dabe, adibidez iparrorratza eta mapak. Euren burua kokatzen ikasiko dabe parte-hartzaileek, modu praktikoan, orientazinoagaz lotutako jarduera horren bidez.

Kobazuloak topetako eta ikertzeko orduan, kartografia ze garrantzitsua dan ikusiko dabe neska-mutilek tailer horretan. Ganera, klima aldaketearen eta haitzuloen konserbazinoaren ganeko jakingarriak be ikasiko ditue.

Azken finean, Foru Aldundiak azaldu dauenez, helburua da mapa kartografiko bat irakurtzeko oinarrizko jarraibideak jasotea, puntu kardinalen bidez euren burua kokatzen jakitea eta ingurunea zein ondare kulturala errespetetan ikastea.

Umeak tailerrean dagozan bitartean, parte-hartzaileen gurasoek Santimamiñeko kobazuloaren ataria eta erreplika birtuala bisitauko ditue, gida baten laguntzinoagaz. Jardueran parte hartu nahi daben familiek aurretik izena emon behar dabe. Horretarako, telefono zenbaki bi daukiez aukeran: 94 465 16 57 eta 94 465 16 60. Bestela, helbide elektroniko hau be bai: santimamine@bizkaia.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu