Gaztelugatxe eta Itzurun, 'Game of Thrones' telesailaren eszenatoki

Bizkaie! 2016-07-19 12:30   Zinemea

'Game of Thrones' lako ikus-entzunezko produkzino arrakastatsuek eragin positiboa sortzen dabe filmetan daben lurraldearen jarduera ekonomikoan eta enpleguan.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gaur esan dabe albiste ona dala, bai uriarentzat, bai lurraldearentzat, Game of Thrones telesailaren zazpigarren denporaldiko irudi eta sekuentziak Bermeon (Gaztelugatxen) eta Zumaian (Itzurunen) filmetea. Denporaldia 2017ko udan estreinauko da. Aitatu erakunde bien ustez, erabagiak agirian ixten dau Bilbo eta Bizkaiak ikus-entzunezko produkzinoetarako daben gaitasuna eta erakargarritasuna. Izan be, sektore hori gakoa da sormen-industrien esparruan, eta hazteko eta jarduera ekonomikoan, enpleguan, turismoan eta uriaren zein lurraldearen markearen proiekzinoan eragin positiboa izateko gaitasuna dauka.  

Kasu zehatz honetan, Gaztelugatxeko San Juaneko inguruen nortasuna eta berezitasuna izan dira HBO kateak apustua egiteko arrazoi nagusiak. Bizkaia izango da katearen fikzino-telesailik enblematiko eta ospetsuenaren agertokia, munduan miloeka jarraitzaile dituana; ganera, ikusleak irrikaz dagoz tramearen kapitulu barriak noiz hasiko. Telesaila, jatorriz, A Song of Ice and Fire literatura-sagan oinarritzen da (Izotz eta suaren abestia).

Game of Thrones Bermeo udalerrian egotea HBOko produktoreen sekretua izan da orain arte, baina atzo albistea jakinarazo nahi izan zeben filtrazino eta espekulazinoei aurre egiteko, taldeko kideak Bilbo eta Bizkaira berehala helduko dirala kontuan izanda.

Bermeon eta Zumaian ez eze, Sevillan, Santiponcen, Cáceresen eta Almodóvar del Ríon be egingo ditue filmaketa lanak (Córdoba).


Bermea Bilbao Bizkaia Film Commission taldeari

Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eretxiz, HBO kateak hartutako erabagia Bilbao Bizkaia Film Commission taldeak ikus-entzunezko produkzinoak erakarteko eta kudeatzeko egiten dauen lanaren bermea da. Aitatu erakunde biek sustatzen dabenn zerbitzu hori 2015eko zezeilean eratu zan, filmaketen industrian helmuga lez finkatzeko uriaren eta lurraldearen apustu estrategikotzat. Horretarako, sustatzaileek erakundeen konpromisoa, segurtasun juridikoa, konfiantzazko kudeaketea eta arreta personalizatua bermatu eben. Bilbon eta Bizkaian filmetako interesa daben nazinoarteko, estaduko eta tokiko proiektuentarako leihatila bakar lez dihardu Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu