Zinegoak Malaboko Kultur Adierazpenaren I. Astean egongo da euskal zinemari buruzko ziklo bategaz

Bizkaie! 2016-06-28 12:28   Zinemea

Orain arte ez da holakorik egin Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta berebiziko garrantzia dauka ahal dan neurrian ereiten joateak.

Garagarrilaren 4tik 9ra bitartean, LGTB kolektiboaren Kultur Adierazpenaren I. Astea izango da Malabon (Ekuatoreko Ginea), Saharaz hegoaldeko Afrikan gai honen ganean egiten dan lehenengoa (Hegoafrika kenduta), eta Espainiako Enbaxadak eta Malaboko Espainiako Kultur Etxeak bultzatutakoa.

Hegoak alkarteak antolatzen dauen Bilboko Zinegoak festibalak eta Etxepare Institutuak euskal LGTB zinema ziklo baten komisariotzea jarri dabe abian, hiru film luze hartuko dituana (Jon Garaño eta Joxan Goenagaren 80 egunean, Roberto Castónen Los tontos y los estúpidos eta Mikel Ruedaren A escondidas) eta baita Zinegoak festibalaren 13. edizinotik pasautako bost Euskal film labur be.

Egitarauak prestakuntza atal bat be izango dau, doban, honako ikastaroakaz: literatur kazetaritzeari buruzko tailerra, Marc Serena idazle eta kazetariaren eskutik (horren dokumentala be, Tchindas, Cabo Verdeko transexualidadea jorratzen dauena, Zinegoakeko azken edizinoan izan zan); zinema gidoigintza tailerra, Roberto Castónen (Zinegoakeko Programazino Burua) eskutik; Aniztasunari Arreta Integrala emoteko mintegia, Kanarietako eta Madrileko LGTB alkarteetako zenbait kideren eskutik. Aitatu behar da irakasle guztiek modu altruistan hartuko dabela parte.

Malaboko Espainiako Kultur Etxeari jagokonean, Amnistía Internacional Euskadiren Amar no es delito. Nuestra lucha en África erakusketea hartuko dau (hori be egon zan Zinegoak festibalaren azken edizinoaren egitarauaren barruan, Bilboko Alde Zaharreko saltoki eta establezimenduetan jarri ziralarik erakusgai argazkiak).  

Horrezaz gan, LGTB Kultur Adierazpenaren Aste honen barruan antzezlan bat, txikientzako ipuin kontalaria eta liburuen zenbait aurkezpen be izango dira.

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillének ekitaldiaren eta lankidetzearen garrantzia azpimarratu dau: Orain arte ez da holakorik egin Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta berebiziko garrantzia dauka ahal dan neurrian ereiten joateak. Kasu honetan posible izan da, ekimena enbaxada batetik datorrelako eta beste zenbait enbaxadaren babesagaz egin dalako. Zinegoak-entzat lehenengo aldia da beste festibal bategaz, kasu honetan kultura erakustaldi bategaz lan egingo dauena LGTB personen alde lan handia egiteko dagoan Afrikan. Espainiako Enbaxadako Luis Melgar geugaz harremanetan jarri zanean laguntza eske, ez genduan zalantza izpirik izan. Afrikaraino zabaltzeko aukerea zan, eta ganera hemen Euskadin egiten dan kalidadezko zinemeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu