Jeremy Deller protagonista Bilboko Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2016-06-22 10:11   Kulturea

Jeremy Deller artisteak gogoeta egiten dau kultura ingelesari eta haren kontraesan historikoei eta politikoei buruz, gizarte kapitalista postindustrialaren eta multikulturalaren barruan.

Bilboko Azkuna Zentroak Jeremy Deller artistearen Herrikoitasunaren ideal infinituki aldakorra erakusketea aurkeztu dau. Artistearen produkzinoaren aldi zabala hartzen dau barne, 90eko hamarkadan hasi eta gaur egunera artekoa, hain zuzen, 2004an Donostian Manifesta 5 Arte Garaikideko Europako Biurtekoan inaugurau zan Social Parade piezea be bai. Lanean, artisteak gogoeta egiten dau kultura ingelesari eta haren kontraesan historikoei eta politikoei buruz, gizarte kapitalista postindustrialaren eta multikulturalaren barruan. Bestalde, erakusketa honen ardatzek hainbat gai buztartu nahi ditue Dellerren obran, esate baterako, artearen zirkuitua, herri-kultura britainiarra eta Ingalaterrako langile-kulturea. Umorea be agertzen da zeharka, herrikoitasunera eta 90eko hamarkadako pop kulturara hurreratzen danean. Artisteak bereganatu egiten ditu horko sinboloak, ikonoak, objektuak eta zirkuletako moduak. Herri-kultura ingelesa bere estereotipoen bidez irudikatuta dago, ikur hori bera alderantziz jarteko modu bat balitz legez. Era horretan, kultura hori artearen zirkuituan sartzea behe eta goi mailako kulturearen arteko banaketea ezabatzeko ahalegin moduan agertzen da, edo bi estetiken eta zirkuletako modu bien arteko kutsatze legez.

Erakusketan presente dagoan bere lanaren beste alderdi bat, historiaren arazoagaz lotuta dago. Jazoera historikoei lotutako egoerak berreginez, artisteak artearen, memoriaren eta historiaren arteko hartu-emonak aztertzen ditu. Langintza horreek nabarmenak dira The Battle of Orgreave (2001) lako pieza ikonikoetan, edo lekualdatze kulturalak gorpuzten dituen personaiak berreskuratzen dituanean, adibidez, So Many Ways To Hurt You (The Life And Times of Adrian Street), 2010. Pieza horretan, ikatz-meatzarien familia batetik datorren burrukalari profesional trabesti baten bizitzea erretratetan dau. Dellerren obrako atal garrantzitsu batean, alkarreragin kolektiboko hainbat instantzia eregi dira; atal horretan sortzen da kolektibotasunaren aukerei eta ezinei buruzko galderea, eta, era berean, agertoki eta kolektibidade horreek osotzerakoan arteak dauen eginkizunari buruzko itauna be bai.

Azkenaldiko historiaren inguruko berrirakurketea egin dau Dellerrek, eta kontakizun sendoak sortu ditu, masa-kulturatik datozen elementuetatik abiatuta. 2004an, Turner Saria eskuratu eban lan dokumental batzuei esker; horreen artean, bereziki nabarmentzen da Social Parade bideoa, 2004an Donostian Manifesta 5 Arte Garaikideko Europako Biurtekoan inaugurau zanekoa.

Pinturearen, posterren, argazkien eta bideo-instalazinoen bitartez, erakusketan, argi nabarmentzen da jazoera historikoak edo eguneroko jazoerak berregiteko Jeremy Dellerrek dauen interesa. Dellerek pizgailu bat jarten dau horreetan, jazoerak eragiteko.


Herri kulturearen kontraesanak

Jeremy Deller artisteak (Londres, 1966) galderak egiten deutsoz bere buruari herri-kulturea gogoan hartuta, batez be kultura britainiarra, gizarte postindustrialaren barruan. Kontraesan horreek ez dira herri-manifestazinoetan bakarrik agertzen, baita folklorean edo ikuskizunetan be; artearen barrutik bidera daitekezan jazoerak dira. Arteak badauka gaitasuna agertokiak, bizipenak, kolektibidade-uneak sortzeko; eta, bere barruan, kontraesanak, bihurguneak eta pitzadurak, konpondu beharrean, sortzeko arrazoi bihurtzen dira. 90eko hamarkadatik aurrera, sortu dituan praktiken eta jazoeren multzoan hainbat desira eta tensino sozial dabilz ekinean, identidadearen, historiaren eta komunidadearen inguruan dagozan irudikapen desbardinakaz batera.

Jeremy Dellerrek arte publikoaren forma bakana garatu dau bere langintzan, edo, Dawn Adesek esango leuken moduan, interes gehiago pizten deutso Britainia Handiko bizitza publikoak arte publikoak baino. Urrundu egiten da museoko horma zurien azpian instantzia komunitarioak produzidu nahi dituen praktika artistikoetatik. Horren ordez, espazio publikoa bereganatu dau, adiera zabalean, eta bertan kokatuta galdetzen deutso bere buruari, agortzen ez diran energia sozialaren bideratzaile moduan, zelan osotzen diran herrikoitasunaren barruko ikurrak eta sinboloak, behe- eta goi-kulturearen arteko hartu-emonak, zer eratara dabilzan masa-kulturea eta klase ertainaren kulturea, pop kulturearen eta musikearen jarioari buruz. Jaia, asperdurea, ekintzarik eza, urruntzea eta desbardintasun soziala produkzino artistikoaren baliabide lez agertzen dira.

Herrikoitasunaren ideal infinituki aldakorra erakusketeak artistearen obrako funtsezko hiru elementutan arakatu nahi dau. Alde batetik, bere ibilbideko une goiztiar batean hasita, keinu artistikoen eta ekintzen bitartez ohiko ibilbide artistikotik eta museotik aldentzeko dauen moduan. Bestetik, alkarreragin sozialeko egoerak birsortuz une kolektiboak gauzatzeko dauen moduan, herrikoitasuna fikzino eta errealidade legez hartuta. Eta azkenik, artisteak historiagazko jarrerea izateko dauen moduan, aldaketak edo zeinu historikoak gorpuztu dituen personaien jarraipena eginez edo bizitza eta historia barriro jazoten daneko birrekintzak (reenactments) eregiz.

Erakusketearen bitartez, Dellerrek, bere ibilbidean linealtasuna finkatu baino gehiago, moduak, bitartekoak eta gaiak lotu nahi ditu gizarte-bilbean eragiteko eta esku-hartzeko, artistea zeinu, bizi-forma, irudi eta objektuetara zelako konplexutasunakaz eta malgutasunagaz hurreratzen dan erakutsi ahal izateko. Gure garaiko Britainia Handiko mamuak, kontraesanak eta irudiak etetea lortu dau, bertako industrializazinoaren eta desindustrializazinoaren historiako itzal zabalak barne hartzen dauen hori guztia, hain zuzen.

Komisarioak: Ferran Barenblit, Amanda de la Garza eta Cuauhtemoc Medina.

Ordutegia: Bagilaren 21etik abuztuaren 31ra: Astelehenetik domekara 11:00etatik 21:00etara.

Ordutegia irailaren 1etik aurrera:
Astelehenetan zarratuta.
Martitzenetik eguenera eta domekatan: 11:00etatik 20:00etara.
Bariku, zapatu, jaiegun eta jaiegun-bezperetan: 11:00etatik 21:00etara.

Sarrerea doban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu