Luisa Etxenike eta Javier Reverte idazleak aurrez aurre 'Eztabaidak literatureagaz' ekimenean
2016-06-17 13:06 KultureaBagilaren 21ean, Literatureagaz erretirau? izeneko topaketan Luisa Etxenike eta Javier Reverte idazleen barriketaldia izango da. Moderatzailea, barriz, Idoia Jauregi kazetaria.
Eztabaidak literatureagaz, Bidebarrieta Kulturgunearen ekimenak, Luisa Etxenike idazle donostiarra eta Javier Reverte madrildarra alkartuko ditu datorren martitzenean, bagilaren 21ean, pensino bat jasotearen eta sorkuntza lanagaz jarraitzearen arteko bateraezintasuna dala eta azken hileotan gaurkotasuna hartu dauen literatur bizitzatik erretiratzeari buruz berba egiteko. Literatureagaz erretirau? izeneko topaketea Idoia Jauregi kazetariak gidatuko dau.
Ohikoa danez, topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Topaketa honetan, alor horretan beste herrialde batzuetan indarrean dagoan legedia, Literaturatik erretiretea eskubidea ala betebeharra dan, edo pensino bat kobretearen edo sorkuntza jarduereagaz jarraitzearen artean aukeratu beharra lako gaiak landuko dira.
Luisa Etxenikek (Donostia, 1957), El detective de sonidos (2011), El ángulo ciego (Euskadi Saria 2009), Los peces negros (2005), Vino (2000), El mal más grave (1997) eta Efectos secundarios (1996) eleberriak, Ejercicios de duelo (2001), eta La historia de amor de Margarita Maura (1990) kontakizun bildumak eta El arte de la pesca (2015) poesia bildumea argitaratu ditu. Bere kontakizunak hainbat antologiatan jaso dira. Orain dala zenbait urtetik idazketa sortzaile tailer bat zuzentzen dau. Un mundo de escritoras izeneko literatur jaialdiaren zuzendaria da, eta horrezaz gan frantseseko itzultzaile lanak egiten ditu eta hainbat komunikabidetako ohiko kolaboratzailea da. 2007an, Frantziako Gobernuak Arteen eta Letren Ordenaren Zaldun izentapena emon eutson.
Dagoeneko jubilauta, erretirauta, dagoan Javier Reverte, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak pensinoa kendu deutson egileetako bat da eta, ganera isun handia jarri deutso, sorkuntza jarduera paraleloan dabilelakoan.
Eztabaidak literatureagaz
2007ko urtarrilean ekimena martxan jarri zanetik, 270 egile inguruk hartu dabe parte, eta 9.500 lagun baino gehiago hurerratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, David Safier eta Joaquín Berges, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero bat ardatz hartuta, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!