Basque Audiovisual markapean, hamaika euskal produktora Arroxelako azokan

Bizkaie! 2016-06-17 08:55   Zinemea

Ikus-entzunezko sektorearen biltzar garrantzitsuenetako bat da Frantzia mendebaldeko Arroxela uriko Sunny Side of the Doc, dokumentalei eskainitakoa. Hamaika euskal produktorak euren lanak erakutsiko ditue, bagilaren 20tik 23ra.

Basque Audiovisualen erakusmahaia, aurreko azoka baten (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Etxepare Euskal Institutuak eta Eiken ikus-entzunezkoen klusterrak antolatu eta koordinau dabe Arroxelarako bidaia. Basque Audiovisual izena emon deutsie nazinoarteko azoketan euskal ikus-entzunezkoak modu bateratuan erakusteko proiektuari. Apirilean Canneseko MIPTV jaialdi ospetsuan izan ziran eta, oraingoan, Arroxelara doaz hamaika euskal enpresa.

Mundu guztiko 57 herrialdetako 2.000 profesional inguru batuko dira Arroxelako Sunny Side of the Doc nazinoarteko azokan. Dokumentalen munduan dabilzan sortzaileak, produktoreak eta banatzaileak alkartuko dira bertan.

Euskal ordezkaritzeari C25 erakusmahaia egokitu jako azokan. Basque Audiovisual markapean, danek batera erakutsiko dabe euren eskaintzea. Honeek dira hamaika euskal ordezkariak: Banatu Filmak, Brisney SL, Doxa Producciones, Fascina Producciones, Korima Films, Media Attack TV, Signo Digital, Sincro Produccion, Taui Media eta Txalap.art Produkzioak.

Horreek enpresek egindako dokumentalik barrienak eta sortze prozesuan dagozan pelikulak erakutsiko ditue Arroxelan. Danetariko produkzinoak dira. Esaterako, Richard Oribe ugerlariaren inguruko dokumentala, jantzearen inguko Oskara, Kuban edo Afrikan grabautakoak, surfaren ganekoak eta abar dagoz. Izan be, Basque Audiovisual egitasmoaren helburua da, euskal ikus-entzunezkoen sektore profesionalari nazinoartera urteten laguntzea, Etxeparek eta Eikenek dinoenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu