'Albert' filma euskeraz estreinauko dabe barikuan

Bizkaie! 2016-06-07 13:10   Zinemea

Albert aurten diruz laguntzen dan bosgarren filma da. Aurreko laurak Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker eta Tximinoen Erresuma izan ziran.

Zineuskadik sustatzen dauen Zinema Euskaraz programeari esker, datorren barikuan, bagilaren 10ean, Albert filma zinema-aretoetara helduko da euskeraz.

Estreinaldia honako aretoetan egingo da: Bilbon, Multicines; Gasteizen, Florida; Portugaleten, Dock; eta Donostian, Principe aretoan. Era berean, bagilaren 11n, Durangon, Zugazan, eta Zallan, Zine Antzokian, estreinauko da. Bagilaren 18an, barriz, Eibarren, Coliseon; Derion, Gurean; eta Beasainen, Usurbe antzokian egingo dira proiekzinoak lehenengoz.

Karsten Killerich daniarrak zuzendutako filmak, Albert, mutil gazte, bihurri eta lotsabakoaren istorioa dakar. Egun batean, gura barik herriko monumentu ezagunena lurrera botako dau, Leopoldus famatuaren estatua, puxikako kapitain eta herriko heroia. Albertek bere akatsa konpondu guran kanpora urten eta puxika kapitain bihurtuta mundu osoa harro egongo da.

Era berean, mueta horretako abentura zoroan sartzeko derrigor beharko dau bateren baten laguntzinoa eta, joan nahi ez badau be bahitu egin beharko dau beragaz eroateko (hori da behintzat Albertek pentsetan dauena Egonek, bere lagun onenak, beste plan batzuk dituala esaten deutsonean). Ondorioz, oso hasarre dagoan Egon eta Albert, upel zahar batean ibaian behera abiatzen dira, urrutiko herrialde misteriotsu batera heltzeko asmotan. Ijito merkatu exotiko eta bitxia, galduta dagozan bi mutil horreek munduko diamante handiena bereganatzeko engainatuko dituan llapurra, polizia... Erronka eta gorabehera horreek guztiek Egonek eta Albertek indarrak batzea eta barriro lagun onenak izatea eragingo dau.

Zinema Euskaraz programeak herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatu, euskerea komunikazino kultural legez erabili eta aisialdi arloan normalizazinoa bultzatuko dauen film bildumea jartea dau helburu. Albert aurten diruz laguntzen dan bosgarren filma da. Aurreko laurak Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker eta Tximinoen Erresuma izan ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu