Louise Bourgeois artisteari eskainitako instalazinoa, zapatura arte Bilboko Arriaga plazan

Dabi Piedra 2016-05-27 11:43   Kulturea

Guggenheim Museoaren ekimenez, kutxa baltz berezi bat ipini dabe Arriaga antzokiaren aurreko plazan. Barruan, bideo-instalazino batek Louise Bourgeois sortzailearen obrea eta bere bizitzako pasarteak erakusten deutsez sartzen diranei. Barikuan eta zapatuan egongo da instalazinoa Arriagan eta doban bisitau ahal izango da. Irailera arte Guggenheimen dagoan erakusketearen osogarri da ekimen hau.

Petra Joost komisarioa, kutxa baltzaren aurrean | Ikusi handiago | Argazki originala

Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak izeneko erakusketan, Louise Bourgeoisen (1911-2010) lana da ardatza. Arte garaikidearen barruan ibilbide nabarmena egin eban Bourgeois frantziar-amerikarrak, bere emozinoetatik eta obsesinoetatik abiatuta. Guggenheimeko erakusketa horregaz guztiz lotuta dago Arriagako instalazinoa. Bizitza gorabeheratsua euki eban Bourgeoisek eta hori bere artelanetan igarten da; kezka eta arazo guztietatik askatzeko modua da kutxa baltza, adierazo dau Petra Joost arte-komisarioak.

Plazearen erdi-erdian ipini dabe 30 metro koadroko kutxa baltza. Hemendik pasetan diran auzotarrek zein bisitariek kutxa hau topetea nahi dogu, barrura sartu daitezala, dino Joostek. Kanpoaldean, I´m liberated dauka idatzita instalazinoak, hau da, libre nago edo askatu naz. Joostek dinoanez, barrura sartzen diranak euren arazo eta emozinoetatik libre egongo dira, urten arte. Sartu daitezala nahi daben guztiak, euren estresetatik libre geratzeko.

Barruan, hormetako proiekzino koloretsuetan, Louise Bourgeoisen bizitzako pasarteak eta artelanak erakusten dira. Bizitzako gorabeherek eragin handia euki eben Bourgeoisen obran eta beti aldarrikatzen eban egindakoaren memoria gordetea inportantea dala, dino Joostek. Bost minutuko proiekzinoa da, behin eta barriro errepetiduten dana.

Louise Bourgeoisen unibersoa erakutsi nahi izan dabe instalazino berezi horren bidez. Guggenheim Museoaren kanpoaldean dagoan armiarma handia da Bourgeoisen lanetik jente gehienak ezagutzen dauena, baina Joostek gogoratu eragin dauenez, hori baino askoz gehiago be badago. Jenteak Louise Bourgeois osoago baten barri eukitea nahi dogu.

Jente asko batera ezin da sartu, kutxa baltza txiki-txikia dalako. Horregaitik, lau persona baino ezin dira barruan egon txanda bakotxean. Sartzea doban da. Barikuan eta zapatuan, hilak 27 eta 28, ikusi ahal izango da instalazinoa, goizeko 10:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 22:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu