Euskerazko zinemagintzea kolokan ikusten dabe euskal produktoreek

Bizkaie! 2016-04-27 13:58   Zinemea

Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Produktore Burujaubeen Alkarteak, sektorearen % 80 inguru hartzen dauen taldeak, Eusko Jaurlaritzearen babesa eskatu dau Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak sortutako arrisku egoerearen aurrean.

Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Produktore Burujaubeen Alkarteak, sektorearen % 80 inguru hartzen dauen taldeak, Eusko Jaurlaritzearen babesa eskatu dau Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak sortutako arrisku egoerearen aurrean, izan be, ICAA Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Institutuak hartutako azken neurriek arrisku bizian jarri dabe zinema sektorearen etorkizuna, Ibaia alkartearen eretxiz. Alkarteko ordezkarien esanetan, erakunde publikoek ikus-entzunezko enpresei emoten deutsezan laguntzak jaso ahal izateko baldintzak aldatuta, enpreson artean ziurtasunik eza zabaldu da, batez be, euskerazko filmen produkzinoaren arloan.

Azken urteetan euskal enpresek filmak sustatzeko ETBgaz sinatutako kontratuak berraztertu ditu ICAAk, erispide barri batzuk aplikauta, eta Euskal Telebistak hainbat urtez enpresa horreekaz sinatutako akordioak bertan behera itxi nahi ditu orain Ministerioak. Horrek kolokan jarriko leukez 20 pelikula, Ibaiak  prentsaurrekoan salatu dauenez.

Euskerazko filmen kasuan, larriagoa da egoerea, izan be. Estaduko hizkuntza koofizialetan eginiko film eta bestelako ikus-entzunezkoak sustatzen dituen Funts Autonomikoa bertan behera itxi dabe, eta, ondorioz, diru-iturri hori agortu egin da euskerazko lanen egileentzako.

Bestalde, ICAAk baldintza berberak ezartzen deutseez orain euskeraz eta beste hizkuntzetan eginiko filmei. Gogoan hartu murrizketa horreek guztiek % 25 eta % 40 arteko jatsierea eragingo leukiela diru-laguntzetan. Ibaiaren eretxiz, neurri horreek traba gaindiezina dira filmak finantzatzeko, eta, horren aurrean, enpresek ETBgaz sinatutako kontratuak aintzat hartzea eta orain arteko erispideei eustea eskatu deutso alkarteak ICAAri.

Giro honetan, Ibaiaren eskutik, Euskal ikus-entzunezkoaren sektoreak, Zinemarako laguntzen sistema barria eta laguntzen eta zerga-pizgarrien euskal sistemara egokitzea eta haregaz bat etortea aztertu ditu. 70 profesional baino gehiagok, produkzino-etxeak, aholkulariak, finantza-agenteak, abokatuak eta sektoreko erakundeak barne, parte hartu dabe jardunaldi honetan eta helburua izan da zinemarako laguntzen eredu barria eta foru-araudian produkzino zinematografikoetan egindako inbersinoakazko zerga-kenkariei jagokenez aurreikusitako aldaketak ezagutzera emotea eta Euskadiko sistemara egokitzeko dagozan preminak aztertzea izan da; era horretara, gure sistemea indartzeko eta beharrezkoa dan segurtasun juridikoa emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu