Can Evrenol zinemagile turkiarrak jasoko dau Fantrobia Saria
2016-03-17 13:02 ZinemeaBilboko Fantasiazko Zinemaldiak, fantasiazko generoan gero eta indar handiagoa hartzen dagoan personearen lana autortzeko eskainitako Fantrobia Saria emongo deutso Zinemaldian Baskin (2015), bere lehenengo film luzea, aurkeztuko dauen Can Evrenol (Istanbul, 1982) zinemagile turkiar gazteari.

Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak, FANTek, fantasiazko generoan gero eta indar handiagoa hartzen dagoan personearen lana autortzeko eskainitako Fantrobia Saria emongo deutso Zinemaldian Baskin (2015), bere lehenengo film luzea, aurkeztuko dauen Can Evrenol (Istanbul, 1982) zinemagile turkiar gazteari. Ikus-entzuleak sufrimenduan eta zorokerian oinarritutako munduan sartzen dituan filmak harrera bikaina jaso dau kritikearen eta ikus-entzuleen aldetik orain arte parte hartu dauen zinemaldi guztietan.
Esangura horretan, Baskin Sitgeseko zinemaldiko azken edizinoko lan arrakastatsuenetakoa izan zan. Horren aurretik harrera beroa jaso eban, baita be, Torontoko zinemaldiko Midnight Madness atalean eta Austingo (Texas) Fantastic Fest izenekoan; azken jaialdi horretan zinemagile hasibarri onenaren saria jaso eban zuzendariak. Filma martiaren 25ean estreinauko da AEBetan zinema-aretoetan eta VOD plataformearen bitartez.
2013an, zinemagile turkiarrak Baskin errodau eban, film luzera emon dauen saltoaren oinarria izan zan film laburra. Baskin lanak, meza baltzetan sakrifizioak egiten diran eraikin batera heltzen dan polizia patruila baten infernuetara jatsierea erakusten dau. Baskin berbeak polizia sarekadea esan nahi dau turkieraz, eta istorio honek jarraipena egiten deutso, gauez, herri txiki batean operatibo bati laguntza eske dei arraroa jasoten dauen bost kideko taldeari. Gorkem Kasal, Ergun Kuyucu, Mehmet Cerrahoglu, Sabahattin Yakut, Mehmet Fatih Dokgoz eta Muharrem Bayrak dira, seguruenez ikus-entzule guztientzat egokia izango ez dan odolez eta indarkeriaz betetako film horren protagonistak. Can Evrenoli emondako saria, Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak, FANTek, Estadukoa ez dan zinemagile bati sari hori emoten deutson lehen aldia da.
Beste alde batetik, joan dan martitzenean, martiaren 15ean, zarratu zan 2016ko lehiaketara aurkeztutako filmak aurkezteko epea. Aurten FANTek 882 film jaso ditu, mundu osoko 47 herrialdetatik bialdutakoak. Herrialde horreen artean dagoz Austria, Filipinak, Alemania, Georgia, Irak, Mexiko, Turkia, Serbia, Venezuela, Frantzia, Norvegia, Danimarka, Brasil, Irlanda, Belgika, Errumania, Zipre, Errusia, Iran, Portugal, Taiwan, Polonia, Argentina, Nepal, Italia, India, Eslovenia, Erresuma Batua...
Jaialdiaren antolatzaileek aukeratuko ditue Atal Ofizialeko edo beste ziklo batzuetako film luze lez programau ahal izango diranak, eta FANT laburrean atalean lehiatuko diran eta ikus-entzuleen eta epaimahaiaren eretxiz Film Labur Onenaren saria eskuratu ahal izango daben film laburrak. Lehiaketa horretan saritutako film bakotxak 3.000 euro jasoko ditu. Horrezaz gan, 2.000 euroko beste sari bat egongo da, epaimahaiaren eretxiz Euskal Film Labur Onena danarentzat. Aurten be euskal film laburrek euren saio berezia izango dabe.
Azkenik, zinemaldiak gogoratu nahi dau MOVISTAR+egaz lankidetzan antolatu dan eskuko telefonoagaz grabautako film laburren lehiaketa barrirako lanak aurkezteko epea apirilaren 8ra arte luzatu dala.
Baskin (Turkia-AEB, 2015)
- Zuzendaria: Can Evrenol.
- Antzezle taldea: Muharrem Bayrak, Gorkem Kasal, Fatih Dokgöz, Kerem Kurt.
- Gidoia: Ogulcan Eren Akay, Can Evrenol, Cem Ozuduru, Ercin Sadikoglu
- Argazkia: Alp Korfali.
- Iraupena: 97 min.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!