Zinema kurdua Bilbon

Bizkaie! 2015-12-11 10:33   Zinemea

Bilboko Udaleko Kultura Sailak Zinema Kurduaren Zikloa antolatu dau Santutxuko udal zentroan, Kultur Gabonak programearen barruan. Newroz Euskal Kurdu Alkartearen laguntzinoa dauen zikloak nazinoarteko jaialdietan saritutako fikzinozko hiru film eta bi dokumental eskainiko ditu datorren astelehenetik barikura.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak Zinema Kurduaren Zikloa antolatu dau Santutxuko udal zentroan, Kultur Gabonak programearen barruan. Newroz Euskal Kurdu Alkartearen laguntzinoa dauen zikloak nazinoarteko jaialdietan saritutako fikzinozko hiru film eta bi dokumental eskainiko ditu datorren astelehenetik barikura.

Antolatzaileek jakinarazo dabenez, Diyarbakirreko umeak (Miraz Bezar, 2009), My Sweet Pepperland (Hiner Saleem, 2014) eta Nire deiari erantzun (Hüseyin Karabey, 2014) filmak, eta Kobanê, berriz hasi (HispanTV, 2015) eta Hilak bakarrik itzultzen dira etxera (Tina Leisch eta Ali Can, 2105) dokumentalak izango dira ikusgai.

Proiekzino guztiak jatorrizko bersinoan eskainiko dira, gaztelaniazko azpitituluakaz, eta arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, Santutxuko udal zentroan. Sarrerea librea izango da.

Film horreetako zenbaitek sariak jaso ditue nazinoarteko jaialdietan; berbarako, Diyarbakirreko umeak lanak Epaimahai Gaztearen Saria irabazi eban 2009ko Donostia Zinemaldian, eta Nire deiari erantzun filmak lehen saria irabazi eban Mar del Platako Nazinoarteko Zinemaldian (Argentina). My Sweet Pepperland Canneseko zinemaldian erakutsi eben eta oso harrera ona jaso eban kritikearen aldetik.

Hurrengo astelehenean, hilaren 14an, zikloa hasiko dauen Kobanê, volver a empezar erreportaje-dokumentala gaurkotasun handikoa da, Siria iparraldean dagoan eta biztanle gehienak kurduak dituan uri horren askapenaren gaia jorratzen dauelako. Askatu ondoren, eta uriaren % 80 suntsituta itxita, Hispan TV telebista kateko talde bat Kobanen sartu zan, setioaren ondorioak, biztanleria zibilak jasandako ondorioak eta normaltasunera bueltetako ahaleginak zuzenean ezagutzeko.

Programazinoak oso gai anitzetako lanak jasoten ditu, eta mueta askotako baliabide estetikoak erabiliz, barne gatazkak eta Europan zehar sakabanatutako milaka persona dituan herrialdearen egoera gogorra erakusten dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu