Shahzia Sikander artista pakistandarraren 'Paralajea' obrea ipini dabe Guggenheim museoan
2015-07-17 11:06 KultureaIndopertsiar tradizinoan ohikoak diran miniatura erako margolanetan oinarrituta, artelanak egiten ditu Sikanderrek, gaur eguneko historia aztertu, deseraiki eta kritiketako. New Yorken bizi dan artista pakistandarraren lana lehenengoz ikusi ahal izango da Bilbon, Guggenheim Museoak ekarri dauen instalazinoari esker. 2013an sortutako Paralajea instalazinoan, modu digitalean animautako ehundazak marrazki eta gouache batu ditu Shahzia Sikanderrek. Zemendiaren 22ra arte egongo da ikusgai.
Indopertsiar tradizinoan ohikoak diran miniatura erako margolanetan oinarrituta, artelanak egiten ditu Sikanderrek, gaur eguneko historia aztertu, deseraiki eta kritiketako. New Yorken bizi dan artista pakistandarraren lana lehenengoz ikusi ahal izango da Bilbon, Guggenheim Museoak ekarri dauen instalazinoari esker. 2013an sortutako Paralajea instalazinoan, modu digitalean animautako ehundazak marrazki eta gouache batu ditu Shahzia Sikanderrek. Zemendiaren 22ra arte egongo da ikusgai.
Ormuzeko itsasartea da Paralajea instalazinoaren abiapuntua. Iran eta Arabiar Peninsulearen artean dagoan eremu horretatik munduko petrolio produkzinoaren bostena pasetan dan ezkero, puntu estrategikoa da. Berau kontroletako sortu diran gatazkak eta tensinoak aztertu ditu Sikanderrek Paralajea obran. Instalazinoa musikaz eta poesiaz horniduta dator, ganera. Du Yun-ek konposatutako soinu bandea entzun leiteke eta Xarja emirerriko hiru poetak idatzitako olerkiak be sartu ditu Sikanderrek.
Tradizino indopertsiarreko miniaturazko pinturak arte garaikidean sartzen aintzindaria izan da Shahzia Sikander. Mila urte baino gehiagoko teknika horren nondik norakoak ikusi leitekez Guggenheim Museoan. Hori bai, Sikanderrek bestelako baliabide batzuk gehitzen deutsoz bere lanari, esate baterako bideo irudiak, animazinoa eta soinua. Sikanderren obretan, erreferentzia abstraktuak eta elementu figuratiboak agiri dira nahastauta, haren diskurtsoaren konplexutasunaren erakusgarri. Historiaren azterketa kritikoa egitea da Sikanderren helburu nagusia.
Alvaro Fernandez Fominaya da erakusketako komisarioa. Bideoarteari eta bideo instalazinoei eskainitako Film&Video aretoan ipini dabe Shahzia Sikanderren lana. Igaz zabaldutako areto horretan, artearen eta ikusentzunezkoen arteko harremana erakusten dau Guggenheim Museoak. Areto horretara heldu dan bosgarren instalazinoa da Paralajea. Obrea ikusgai dago dagoeneko, zemendiaren 22ra arte.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!