Luisa Etxenike idazlea eta Nicola Molinaro zientzilari italiarra protagonista 'Eztabaidak literatureagaz' ekimenean

Bizkaie! 2015-06-01 12:48   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Luisa Etxenike idazlearen eta Nicola Molinaro zientzialariaren arteko barriketaldia atondu dau bagilaren 2rako; bertan, literaturearen eta neurozientziaren arteko hartu-emonen ganean berba egingo dabe. Topaketea 19:30ean hasiko da eta Arte, literatura y ciencia blogaren egilea dan Gustavo A. Schwartzek gidatuko dau.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Luisa Etxenike idazlearen eta Nicola Molinaro zientzialariaren arteko barriketaldia atondu dau bagilaren 2rako; bertan, literaturearen eta neurozientziaren arteko hartu-emonen ganean berba egingo dabe. Topaketea 19:30ean hasiko da –sarrerea librea– eta Arte, literatura y ciencia blogaren egilea dan Gustavo A. Schwartzek gidatuko dau.

Maitasuna, edertasuna edo gorrotoa lako buru egoeren ganean literaturan egiten diran erretratuak oso indartsuak izan daitekez. Topaketa horretan, neurozientzialariek eta idazleek, burmuinean eta papel gainean lehen mailako berezko jokeren irudikapen horri buruz eskaintzen dituen argudioak azalduko jakez ikus-entzuleei, Gustavo A. Schwartz zientzialari argentinarrak gidatuko dauen barriketaldi lasaiaren bitartez.

1957an, Donostian jaiotako Luisa Etxenikek El detective de sonidos (2011), El ángulo ciego (Euskadi Saria 2009), Los peces negros (2005), Vino (2000), El mal más grave (1997) eta Efectos secundarios (1996) eleberriak, eta Ejercicios de duelo (2001), eta La historia de amor de Margarita Maura (1990) kontakizun bildumak argitaratu ditu. Bere kontakizunak hainbat antologiatan jaso dira. Azken urteotan idazketa sortzaile tailer bat zuzentzen dau. Un mundo de escritoras izeneko literatur jaialdiaren zuzendaria be bada. Horrezaz gan, ohiko kolaboratzailea da idatzizko prentsan eta irratian, eta kultureari eta pentsamenduari buruzko Grand Place aldizkariaren Erredakzino Kontseiluko kide da. 2007an, Arteen eta Letren Ordenaren Zaldun aintzatespena jaso eban Frantziako Gobernuaren eskutik, eta 2013an Donostiako udalak Herritarren Merituaren Dominea emon eutson.

Nicola Molinaro italiarrari jagokonez, Basque Center on Cognition, Brain and Language (Ezagutzaren, Burmuinaren eta Hizkuntzaren Euskal Zentroa) izenekoan dabilen zientzialari kognitiboa da. Ikerlariak artikulu asko argitaratu ditu argitalpen espezializatuetan eta zientifikoetan. Orain denpora gitxi Literatureari, Oximoronari eta Neurozientziari buruzko azterlan bat zuzendu dau, irudi erretorikoek burmuinaren jarduketa estimuletako daben gaitasun iradokitzailean oinarrituta. Emoitzek erakusten dabenez, gure jarduerea zuzentzen dauen organo horrek era desbardinean erreakzionetan dau literaturako zenbait adierazpenen eta irudiren aurrean.


Bederatzigarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 240 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.000 lagun baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu