Durangoko bonbardaketearen 78. urteurreneko oroimen-ekintzak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2015-03-18 13:54

Durangoko Udalak eta Gerediaga alkarteak antolatu dabe Durangoko bonbardaketearen 78.urteurreneko oroimen-ekintzen egitaraua. Erakusketea, irrati tailerra eta bisita gidatuak egingo ditue, martiaren 24tik aurrera. Hilaren 31n, urteurren egunean, jarduera bereziak izango dira.

Durangoko Udalak eta Gerediaga alkarteak antolatu dabe Durangoko bonbardaketearen 78.urteurreneko oroimen-ekintzen egitaraua. Erakusketea, irrati tailerra eta bisita gidatuak egingo ditue, martiaren 24tik aurrera. Hilaren 31n, urteurren egunean, jarduera bereziak izango dira. Udaleko udalbatza-aretoan egin dabe gaur aurkezpen-prentsaurrekoa Aitziber Irigoras alkateak eta Gerediaga alkarteko Jon Irazabalek.

Orain dala 78 urte, martiaren 31n Durango bonbardeau eben italiarrek. 336 lagun hil ziran, eta ehunka zauritu. Herriko eraikuntzetako kalteak konpontzeko hamarkadak behar izan zituen. 1939ko apirilaren 1ean Burgosko Francoren kuartel nagusiak gerra amaitutzat jo eban, eta orduan hasi zan 40 urte luzeko diktadurea. Gerea ofizialki amaituta egon arren, hainbat eta hainbat gizon-emakumek burrukan  segidu eben.

Durango eta Gernikaz aparte, Bizkaiko makinatxu bat herri bonbardeu zituen Italia eta Alemaniatik etorritako hegazkinek, besteak beste, Otxandio, Bilbo, Galdakao, Elorrio, Sestao, Zornotza, Plentzia, Mungia, Getxo, Zeanuri eta Markina. Esperimentu bat izan zan, ostean etorri zan II. Mundu Gerran erabili zana.

Durangaldeko gainontzeko herriek be gerrearan ondorioak bizi zituen. Horregaitik, azkenengo urteetan, ikerketak eremu zabalagoa hartu dau, eta Gerediagaz gan, beste talde batzuk sortu dira helburu beragaz: ikertu ez ahazteko, jazo zana ezagutzeko, azaldu dabe aurkezpenean.

Egitaraua hilaren 24an abiatuko da. Landako Gunean ikusgai egongo da Gerrako umeek bizitza kontetan dabe, zure historia, 31ra arte. Martiaren 25ean, irrati tailerra egingo dabe Durango Irratian, 15:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, 26an, goizean, Lehen Hezkuntzako neska-mutilek Durango gogoan izeneko panela egiteko batuko dira Andra Mariko eleizpean.

Ibilbide gidatu bi atondu ditue, bata, Durangoko bonbardaketako aztarnak, 28an izango da, 12:30ean; eta bestea, Sabigaineko burrukaldia, 10:00etan. Urteeretara joateko izena emon behar da derrigor, telefono honetan: 946818066.

Hilaren 31n, egun osoko egitaraua egongo da. Goizean goizetik, 8:30ean, lehenengo aire-erasoaren alarma-hotsa entzungo da, Andra Mariko kanpantorretik. Eguerdian, 12:00etan, gerrako biktimei omenaldia egingo deutsie kanposantuan. Autobus-zerbitzua egongo da hara joateko. 17:45ean, bigarren aire-erasoaren alarma-hotsa. Eta, 20:00etan, bonbardaketan hildakoak omenduko ditue Andra Mariko eleizpean.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu