Alex Txikon 4. kanpalekura (7.200 m.) heldu da, eta bertatik abiatuko da tontorrerantz goizaldean

Bizkaie! 2015-03-12 17:19

Tontorretik gero eta hurrago dagoz Alex Txikon, Ali ‘Sadpara’ eta Daniele Nardi, 900 metroko desnibela baino ez dago Nanga Parbeteko tontorrera (8.126m) heltzeko. Tontorrerantz goizaldeko 02:00etan abiatzea da hiru mendizaleen asmoa. Ezustekorik ezean, Nanga Parbeteko tontorra (8.126m) neguan zapaltzen historiako lehenengoak izango dira bihar

Tontorretik gero eta hurrago dagoz Alex Txikon, Ali ‘Sadpara’ eta Daniele Nardi, 900 metroko desnibela baino ez dago Nanga Parbeteko tontorrera (8.126m) heltzeko. Azken aldatzei ekin aurretik kurutzatu beharko daben lautada erraldoiaren erdian dagoz orain, 4. kanpalekuan (7.200m) deskantsetan.

Bart be ezin izan dabe ganoraz lo egin: Esango neuke lau bat ordu izan dirala, ez gehiago, inoan Alex Txikonek; haizeak behin eta barriro gogor astindu dau dendea.

Edozein kasutan, eguna eguzkitsu agertu da 6.700 metrotan (3. kanpalekuan) eta, batez be, lehen orduan konsultau daben meteo aurreikuspenak baieztatu egin deutse haizeak indarra galdua ebala eta eguna lasaia izango zala. Hemen goian, baina, haize arinenak be nabarmen jaitsiarazoten dau sentsazino termikoa; ‐30ºC gradutan gagoz, gitxi gora behera. Goizeko 10:30ak ziran, eta Ali ‘Sadpara’k eta Muhammad Kanek goranzko bidea hartua eben ordurako, pisu arinagaz, finkatu beharreko sokak gainean hartuta. Daniele eta biok dendea jaso eta atzetik joango gara, karga handiagaz.

Aurretik zazpi bat orduko lan saioa, beharbada ez aurrekoak bezain teknikoa baina bardin‐bardin sano nekagarria; duda barik, altuerea eta pilatutako esfortzua nabaritzen hasiak dira lau mendizaleak.

Danetara sei ordu emon ditue atzo eskalautako izotz biziko paleari jarraipena emoten deutson edur eta izotzezko aldatz amaibakoan gora, 500 metro gitxi gorabehera. Astiro noa, gehiegi estutu barik, indarra gordeten, dino Txikonek deskantsetan egoan bitartean.

Iparmendebalderantz okertu ostean, 16:40 aldera, 4. kanpalekua (7.200 m.) dagoan lautada erraldoira pasetako gainditu beharreko ertzetik 40 metro eskasera egozan. Indartsu gagoz, baina pisu larregi daroagu, 20-25 kilo, horrek txikitzen gaitu. Hain zuzen puntu honetan emon dau amaitutzat bere lana Muhammad Kanek; beheranzko bidea hartu dau eta, gaua bada be, gaur Behe Kanpalekura heltzea espero dauela jakinarazo deusku. Apurtuta ei dago, haren hankek ezin dabe gehiago.

Arratsaldeko 18:00retarako dendea muntauta euken. Tontorrerantz goizaldeko 02:00etan abiatzea da hiru mendizaleen asmoa.

Aurreikuspen meteorologikoak onak dira biharko: 25‐20 Km/h bitarteko haize suabeak eta zeru argiak.

Ezustekorik ezean, Nanga Parbeteko tontorra (8.126m) neguan zapaltzen historiako lehenengoak izango dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu