Alex Txikon eta sokakideek I. kanpalekuranzko bidea hartu dabe goizeon

Bizkaie! 2015-02-27 10:35

Egunez egun, kanpalekuetan gora egitea da plana: etzidamu III.era (6.700m, gogoratu bertan materiala itxi ebela Txikonek, ‘Sadpara’k eta Nardik), hurrengoan IV.era (oraindino ekipau bako tartea da hau) eta, badirudi, martitzena edo eguaztena bitartean izango dala Nanga Parbaten tontorrera (8.126m) saiakerarako egunik aproposena.

Gaur goizeko 6:00etan urten dabe beheko kanpalekutik gorantz zazpi sokakideak batera: Alex Txikon bera, Ali ‘Sadpara’, Muhammad Kan, Mahmood Hashemi, Iraj Maani, Reza Bahadorani eta Daniele Nardi. Arratsaldeko 15:00‐16:00ak bitartean 5.050 metrotan, I. kanpalekuan, egongo dirala kalkuletan dabe. Lan nekeza izango dabe bertako bi dendak edur azpitik aterateko.

Zezeilaren 28an, zapatuan, II. kanpalekura (6.100m) heltzea da asmoa, Kinshoffer hormea gainditu ostean. Gogoratu Txikonek, ‘Sadpara’k eta Nardik denda bat dabela bertan ezarria, aurreko saioan bi gau igaro zituela bertan aurreko rotazinoan zehar (espero dabe itxitako lekuan topetea egunotako haize eta edurteen ostean bere). Aldiz, hirukote iraniarra heldu bai baina ez eban II. kanpaleku honetan dendarik ezarri ez eta gaurik igaro be, beraz, erronka handiagoa dabe aurrean.

Eta, holan, egunez egun, kanpalekuetan gora egitea da plana: etzidamu III.era (6.700m, gogoratu bertan materiala itxi ebela Txikonek, ‘Sadpara’k eta Nardik), hurrengoan IV.era (oraindino ekipau bako tartea da hau) eta, badirudi, martitzena edo eguaztena bitartean izango dala Nanga Parbaten tontorrera (8.126m) saiakerarako egunik aproposena.

Eguraldia oraindino ez da lar ona, lainotsua, apur bat edurtsua eta haizetsua. Baldintzak oso gogorrak izango dira batez be egunotan bota dauen edurraren ondorioz (geruzea metro eta erdira heldu da). Halan da be, ez dabe uste hori traba gaindiezina izango danik I. kanpalekura heldu eta, holan, tontorreranzko lehenengo etapea osotzeko. Aurreikuspenen arabera, eguraldiaren egoerea antzekoa izango da datozen egunetan be (lainotua eta edurtsua, hain zuzen) baina haizeak nabarmen apalduko dira eta horrek animau ditu mendizaleak tontor saiakerea abiatzera: martitzenerako eta eguaztenerako 20km/orduko abiaduraz azpiko haize ahulak espero ditue, eta –35/–40ºC bitarteko tenperaturak.

Beheko kanpalekuko dendetatik urten ahal izateko gogor lan egitea tokau jake baina Alex Txikon, Muhammad Kan, Iraj Maani eta Ali ‘Sadpara’ lana apur bat aurreratzera atera dira eguerdi aldera, haizea baretu danean. Raketen laguntzaz bidea zabaltzera urten dabe morrenara arte eta, batez be, informazinoa jasotera. Edur sakona batez be hasieran pilatzen dala ikusi dabe, glaziarrera bitarteko tartean, baina halan da be, I. kanpalekura heltzeko 10 bat ordu beharko dituela adierazo dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu