Alex Txikon, Ali ‘Sadpara’ eta Muhammad Kan Nanga Parbateko behe kanpalekuan dagoz urtarrilaren 25etik

Bizkaie! 2015-01-28 11:44

Txikonen osasuna eta eguraldia noiz hobetuko zain dago taldea. Holan ba, I. kanpalekura arte bidea zabaltzea dabe buruan, etzi barriro hara itzuli eta sokak nahiz bestelako materiala bertan ixteko. Badirudi Kirshoffer bidea aukeratuko dabela: leia handia dagoan arren, ez da Messner bidea bezain arriskutsua edur-jausiei jagokenez.

Islamabadetik urtarrilaren 20an abiatu eta Karakorum Highwaya poliziek eskoltauta osotu ostean, Alex Txikon eta bere laguntza taldea urtarrilaren 21eko eguerdi aldera heldu ziran Chilaas herrira. Bertan alkartu zan Txikon lemoarra Ali ‘Sadpara’ eta Muhammad Kan espedizinokide pakistandarrakaz. Chilaasen egindako bi eguneko geldialdia betebehar burokratikoak egiteko balio izan eban batetik (bisitea turismo ordezkariari eta bisitea polizia buruari), baita kargakaz eta zamalariakaz lotutako guztia konpontzeko, eta baita gaixotzeko be: ordutik, tripako minak nahiz goragaleak ez deutsie baketan itxi Txikoni. Baragarri ibili da behe kanpalekura arteko bidean, baina laster osatzea espero dau. Izan be, honako hau ez da, inondik inora, Pakistanen holako zeozer sufriduten dauen lehenengo aldia, eta jakin badaki egun batzuetan garbi jan eta pazientziaz jokatzea besterik ez jakola geratzen.

Urtarrilaren 23an ekin eutsien barriro bideari, oraingoan jeepa erabilita. Chilaasetik Diamarowraino errepidez, trekkingaren abiapuntura arte hain zuzen. Ondoren, 4-5 orduko ibilaldiak hiru egunez, Zaweri eta Cutgali herrixketan zehar, 4.100 metroko altuerara heldu eta datozen bi hilebeteetan kanpaleku nagusia izango dana ezarri arte. Egunotako edurte eta tenperaturak oso gogorrak izan dira (gauez –15ºC inguru), baina halan da be kanpalekuan dana prest dago eta lehen lan saio bat planifiketako astia be izan dabe.

Horrenbestez, Txikonen osasuna eta eguraldia noiz hobetuko zain dago taldea. Holan ba, I. kanpalekura arte bidea zabaltzea dabe buruan, etzi barriro hara itzuli eta sokak nahiz bestelako materiala bertan ixteko. Badirudi Kirshoffer bidea aukeratuko dabela: leia handia dagoan arren, ez da Messner bidea bezain arriskutsua edur-jausiei jagokenez.

Bestalde, bart, Txikonek, Alik eta Muhammad Kanek Danielle Nardiren bisitwa izan dabe (berari esker izan da posible e-mail bialketa hau egitea, Txikonen taldeak ez dauelako internet konekzinorik izango zezeilaren 1era arte). Italiarrak triparako botikak emon deutsoz Lemoakoari, eta bere asmoen barri be bai: Mummery Ridgetik beste saiakera bat egin nahi dau, nahiz eta bakarrik dagoan Tomek poloniarrak eta Elisabeth Revol frantziarrak etxerako bidea hartu ostean. Honakoa Nardiren hirugarren negua da Diamir bailaran eta, dinoanez, sekula ez ditu aurtengoak lako baldintza onak izan. Nardik berak jakinarazo deutso Txikonen taldeari biharko eguna oskarbi datorrela eta eguraldiak holan jarraitu leikela zapatura arte.

Azkenik, bihar beste hiru protagonista behe kanpaleku honetara heltzea espero da. Irango hiru eskalatzaile dira eta, agentziaren bitartez jakin dogunaren arabera, Txikonek, Ali ‘Sadpara’k eta Muhammad Kanek daben asmo berbera dabe eurek be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu