III. Gorbeia Suzien, inoiz baino gehiago

Bizkaie! 2014-10-15 15:45

Zeanurin dana prest dago urteko jazoerarik garrantzitsuenerako. Urriak 18an izango da Gorbeia Suzien Banco Mediolanum Sari Nagusia, eta aurten lehiaketa honek beste pausu bat emon dau, nazinoarteko mendi-lasterketen federazinoko (ISFko) Skyrunner National Series zirkuitoan sartuz. Holan, Gorbeia Suzien 2014ko Skyrunner National Championship izango da.

Zeanurin dana prest dago urteko jazoerarik garrantzitsuenerako. Urriak 18an izango da Gorbeia Suzien Banco Mediolanum Sari Nagusia, eta aurten lehiaketa honek beste pausu bat emon dau, nazinoarteko mendi-lasterketen federazinoko (ISFko) Skyrunner National Series zirkuitoan sartuz. Holan, Gorbeia Suzien 2014ko Skyrunner National Championship izango da.
 
Ibilbide nagusiak 32 km. eta 2.300 metroko desnibel positiboa ditu, eta Gorbeiako Parke Naturaleko bazterrak ezagutarazotea dau helburu. Hain zuzen be, lasterketea mendira igoteko bide diferenteak erakusteko asmoagaz jaio zan, eta antxinako hainbat bide berreskuratu eta garbitu ziran horretarako. Halan da be, antolatzaileak eten barik lanean dabilz eta aurten beste tontor bat sartu dabe ibilbidean: Lekanda. 3. edizinoa izango dan honetan, beraz, korrikalariek zenbait tarte tekniko daukazan lasterketa gogorrago bati egin beharko deutsie aurre; baina trukean ikuspegi ederraz gozetako aukerea izango dabe beste behin.

Parte-hartzaileei jagokenez, aurten be mundu osoko goi-mailako korrikalariak erakarri ditue. Bertan egongo dira Ionut Zinca (aurreko bi urtetako irabazlea), Nuria Picas, Maite Maiora, Zaid Ait Malek, Aritz Egea, Antonella Confortola, Tòfol Castanyer, Manuel Merillas, Leire Arrizabalaga (2. edizinoko irabazlea), Jonathan Wyatt, Jessed Hernández, Alfredo Gil, Walter Becerra, Didier Zago, Hassan Ait Chaou, Javi Crespo, besteak beste. Gainera, badira ospe handiko alpinista bi be, lasterketea egiteko aukerea aprobetxauko dabenak. Denis Urubkok eta Alex Txikonek Urubkoren proiekzino baten emonaldian parte hartuko dabe barikuan, 20:00retan herriko frontoian, eta zapatuan korrika egingo dabe.

Sari barriek be jakinmina sortu dabe, batez be, ibilbidearen tarte batean neurtuko dan Kilometro Bertikal partzialak. Erronka barri honek 5 km. eta 1.000 metroko desnibel positiboa daukaz, San Justoko baseleizatik Lekandako tontorrera, eta kontuz ibili beharko dabe parte-hartzaileek, indar gutztiak hor agortu barik, ondoren 20 km. gehiago egin beharko baititue lasterketea amaitzeko.


Lasterketa bat baino gehiago

Gorbeia Suzien mendiaren inguruko jaialdi handia da, eta egitaraua lasterketea baino egun batzuk arinago hasten da:
eguaztenean, urriak 15, Oihana Kortazarrek eta Aritz Urdanpilletak, azken hileotan euren esperientzia profesionala gorbeiasuzien.com webgunean alkarbanatu dabenek, Mendi-lasterketen prestakuntzea mahai-inguruan hartuko dabe parte.

Eguenean, urriak 16, Nuria Picasen eta Zigor Iturrietaren emonaldia izango da.

Barikuan, Denis Urubkoren proiekzinoaren aurretik, Jordi Saragossa argazkilariak berbaldi bat emongo dau.

Zapatua, barriz, mila ekimenez josita egongo da, 200 metroko tirolina eta mendiko materialeko 2.eskuko azokea barne; eta domekan umeak izango dira protagonista: umeen lasterketea izango da 12:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu