San Joanek jagon daizala Arrabako landan

Bizkaie! 2014-06-24 13:52

Enrike Etxebarriaren artaldeagaz larre aldaketan parte hartzeko aukerea dago bagilaren 29an, domekan, Zeanurin. Ana Mari bere arrabeak ur bedeinkatua botaz eta San Joanek jagon daizala Arrabako landan! esaldiagaz artaldea artzainen patroiaren babespean jarri ostean, Uribeko Elexartza baserritik abiatuko dira Enrike Etxebarria eta bere ardiak Arrabako landara zuzentzeko.

Enrike Etxebarriaren artaldeagaz larre aldaketan parte hartzeko aukerea dago bagilaren 29an, domekan, Zeanurin. Ana Mari bere arrabeak ur bedeinkatua botaz eta San Joanek jagon daizala Arrabako landan! esaldiagaz artaldea artzainen patroiaren babespean jarri ostean, Uribeko Elexartza baserritik (Zeanuri) abiatuko dira Enrike Etxebarria eta bere ardiak Arrabako landara zuzentzeko, lehenago bere aitak eta aititak be urtero egiten eben ibilbideari jarraituz.

Antxinako indarragaz ez bada be, oraindino bizirik dirau abeltzaintzeak Arratian eta Gorbeia mendiaren inguruetako herrietan. Lur honeetan aspaldidanik abelgorri, zaldi, ahuntz eta batez be ardi aziendek bazkatzen dabe. Urtaroek dakarzan eguraldi aldaketen ondorioz, Gorbeialdeko abeltzainek mendiko larreak itxi behar izaten ditue; lehenengo edurtzakaz batera, pastoreak eta euren ganaduak haraneko barrutietara jaisten dira, mendia lurmendu eta bedar barria ernetzen hasi arte bertan geratzeko.

Udabarrian naturea neguko letargiatik izartzeaz batera, barriro hartuko dabe gorako bidea basoko ganaduek, hurrengo negura arte Gorbeiako landa emonkor eta freskoetan bazkatuz. Antxinatik datorren ohitureari jarraituz, bagilaren 29an, domekan, Enrike Etxebarriak eta bere artaldeak Elexartza baserritik urten eta Arrabako landarainoko ibilbidea egingo dabe. Gorbeiatik bajatu zanetik etxe inguruan jagon ditu ardiak Enrikek, eta azken hileotan, neguan eta udabarrian artzaintzeak eskatzen dituan beharrak egiteari gogor ekin deutso: lehenengo axurien jaiotzea, hazkuntzea eta salmentea, eta gero esnebatzea eta esne hori saltzea; ganera, aurten ardiak gora igon aurretik moztu ditu Elexartzan.


Gorbeiako egonaldia

Dagoeneko Gorbeia mendian bedarra hazi egin da eta ganaduak hartzeko prest azaltzen dira larreak janari gozoa eskainiz, horregaitik bertara igongo da Enrike artaldeagaz, hurrengo hilebetean bere ardiek emongo deutsen esne aberatsaz goi mailako gaztaiak egiteko.

Garagarrilearen amaiera arte Lekandapean daukan txabolea izango da bere bizilekua eta artaldea jagotea, esnea batzea eta gaztaiak egitea egunero bete beharko dituan beharrak. Goizez eta arrastiz, berrehunen bat ardiren errapeak igaroko dira Enrikeren eskuetatik, jarraian gaztaigintzeari ekiteko. Holakoa izango da egunen joan-etorria, garagarrilaren 31k, San Inazio egunak, ardiak antzutu eta pastorearen udako mendiko egonaldia amaitu dala iragarri arte.


Enrike Etxebarria

1943ko abenduaren 8an jaio zan Zeanurin, Uribe auzuneko Elexartza baserrian eta gaur egun bertan bizi da. Hamalau urte eukazala, eskolea itxi, eta Basilio bere aitaren lanbideari heldu eutson Enrikek. Pastorea izateaz aparte, 1960 eta 1992 urteen bitartean Arrabako landan dagoan Mendi Federakundearen Aterpetxeaz arduratu ziran aita-semeak.

Gorbeian, Arraban dauka txabolea Enrikek, Lekandapean. Toki berberean izan eban babeslekua bere aita Basiliok. Orain dala hogeita hamarren bat urte txabolea barriztatu egin eban eta apurka-apurka gaur egungo beharrizanetara egokitu dau; adibidez, eguzki energiaren bitartez lortutako argindarra dauka.

Txaboleari atxikituta gaztaitegia dago.

Edurteak heldu arte Arraban bazkatzen dau Enrike Etxebarriaren artaldeak.

Enrikek uda aldean artaldea jagoteagaz batera bete beharko dituan zeregin bereziak honako honeek dira: Esnebatzea: birritan egiten dau, goizean eta iluntzean; eta gaztaigintzea: birritan egiten dau, goizean eta gauean.


Larre-adaketea, bagilaren 29an, domekan

- Bilera puntua: Zeanuriko plazan, goizeko 09:00etan.

- 09:15ean: Elexartza baserriaren aurrean Enrike Etxebarriagaz alkartzea.

- 09:30ean: Elexartza baserritik Gorbeiarantz abiatzea.

- 12:30ean: Arrabako landan, Enrikeren txabolara heltzea. Txabolea bisitau eta hamaiketakoa egiteko aukerea izango da.

- 13:00etan: Jaitsierea, abiapuntura heltzeko.

- 14:30ean: Abiapuntura heltzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu