'Coherence' filmak irabazi dau XX. FANT jaialdiko sari nagusia

Dabi Piedra Robledo 2014-05-16 15:47   Barriak

Zinta originala izateagaitik eta zinema fantastikoaren topikoetatik urrun ibilteagaitik, epaimahaiak James Ward Byrkit iparramerikarraren Coherence saritu dau, FANT jaialdiko 20. edizinoan. Suediako Lights out da zinemaldiko film laburrik onena eta euskal film laburrik onenaren saria, barriz, Aritz Morenoren Colera lanarentzat izan da.

Zinta originala izateagaitik eta zinema fantastikoaren topikoetatik urrun ibilteagaitik, epaimahaiak James Ward Byrkit iparramerikarraren Coherence saritu dau, FANT jaialdiko 20. edizinoan. Suediako Lights out da zinemaldiko film laburrik onena eta euskal film laburrik onenaren saria, barriz, Aritz Morenoren Colera lanarentzat izan da.

Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko kultura arduradunaren esanetan, aurtengo zinema fantastikoaren jaialdia arrakastatsua izan da alde guztietatik. Oihartzun mediatiko handia euki dau, aurkeztu diran pelikuletan aniztasuna egon da eta jenteak erantzun egin dau, dino Lopez Agiletak.

Igazko jaialdira joandako ikusle kopurua askogaitik gaindituko da 2014ko edizinoan. Izan be, gaurko azkeneko ekitaldia kontau barik, dagoeneko 7.000 ikusle baino gehiagok disfrutau dabe FANTen eskaintzeagaz aurten, igazko 3.000 pasautxuen aldean. Datu zehatzagoak eta behin betiko balorazinoa datorren astean emongo doguz, datu guztiak eskura daukaguzanean, baina edizino hau arrakastatsua izan dala aurreratu geinke. Zifra biribilak FANTen edizino biribil baterako, izan be, aurten 20. ekitaldia izan dau Bilboko zinema fantastikoaren topaketeak.

Epaimahaia zinemearen munduan eskarmentua daukien hiru personak osotu dabe: AEBetako Matthew Robbins, 70eko hamarkadatik lanean dabilen gidoilari, zuzendari eta produktorea; Andrea Gutierrez Bermejo espainiarra, zinemeari buruz aldizkari espezializadu zein blogetan idazten dauena; eta Carlos Areces, hau be espainiarra, umoregilea eta aktorea. Sari nagusia aukeratzeko orduan, hirurak bat etorri dirala nabarmendu dabe, erraza izan da pelikula onena aukeratzea, hamar minutuan ados jarri gara, azaldu dau Andrea Bermejok.

2014ko FANT jaialdiko irabazlea Coherence da, James Ward Birkyt estadubatuarrak zuzendutako lehenengo filma. Matthew Robbins epaimahaiko bozeroaileak adierazo dauenez, lan originala da eta errespetuz tratetan ditu ikusleak eta aktoreak. Zientzia fikzinoaren eta bildurrezko pelikulearen arteko nahasketea da Coherence, lau bikoteren arteko afari baten girotua. Zer jazoko dan aurrikustea gatxa da, ez da munstroen film tipikoa eta, ganera, kontetan dauen guztia gela bakar baten, kokagune bakarrean erakusten dau zuzendariak, dino Robbinsek, irudimen handia behar da holako ezaugarriak daukazan film bategaz ikarea sortzeko. Fas klubak emoten dauen zuzendaritza lan barritzaileenaren saria be, film honek eskuratu dau.

Palmaresa osotuteko, beste film bi be saritu ditue. Batetik, film labur onenaren saria David F. Sandberg suediarraren Lights out lanari emon deutsie. Matthew Robbinsen arabera, iraupen laburrekoa izan arre, zuzendariak ondo erabili dau euki dauen denpora apurra. Euskal film laburrik onenaren garaikurra, Aritz Morenoren Colera lanak jasoko dau, egileak bere lanean konfiantzea erakusten dau, sendotasunez kontetan dau kontau nahi dauena. Euskal Gidoilarien Alkarteak emoten dauen gidoi onenaren saria, Gonzalo Lopez Gallegoren Open grave filmak irabazi dau eta, publikoaren saria, Carles Torrensen Sequence lanarentzat izan da.

Hiru epaimahaikideek FANTen egon diran filmen mailea goraipatu dabe eta, batez be, Bilboko jaialdiko giroa. Sariak emotea ondo dago, baina ia balio dauen jentea zinema aretoetara joateko, azken finean pelikulak jenteak ikusteko egiten dira, azpimarratu dau Andrea Gutierrez Bermejok.

Aurtengo FANT jaialdiaren itxiera ekitaldia gaur, barikua, iluntzeko 20:30ean egingo dabe, Bilboko BBK Salan, Ibon Areso alkatea bertan dala. Sariak banatuko dira eta film biren estreinaldia egongo da, lehiaketaz kanpo: bildurrezko zinemagintzako mitotzat joten diran Cristopher Lee eta Paul Naschyren parte-hartzeagaz egindako Zarpazos! Un viaje por el Spanish Horror dokumentala eta mundu osoan lehenengo aldiz, BRIT 2014 sarietarako izentautako Ian Pons Jewell zuzendari britainiarraren film labur barria, Angels, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu