Leioako XV. Umore Azokeak 45 ikuskizun batuko ditu, tartean 16 estreinaldi
2014-03-27 10:33 KultureaLeioako Umore Azokearen hamabosgarren edizinoak 45 ikuskizun batuko ditu maiatzaren 15etik 18ra bitartean, 16 estreinaldi tartean, eta profesional legez parte hartzeko izena emoteko epea eguen honetan, martiaren 27an, edegiko da, Nazinoarteko Antzerki Egunagaz batera, hain zuzen be.
Leioako Umore Azokearen hamabosgarren edizinoak 45 ikuskizun batuko ditu maiatzaren 15etik 18ra bitartean, 16 estreinaldi tartean, eta profesional legez parte hartzeko izena emoteko epea eguen honetan, martiaren 27an, edegiko da, Nazinoarteko Antzerki Egunagaz batera, hain zuzen be.
Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzinoagaz Leioako Udalak antolatzen dauen Umore Azoka - Kaleko Artisten Azokeak bere hamabosgarren edizioa izango dau aurten. Antolatzaileek adierazo dabenez, aurreko urteetan lez, interes handia piztu dau dagoeneko kaleko arteen erreferente bilakatu dan topaguneak, eta 300dik gora proposamen artistiko jaso ditu, bertan parte hartzeko asmoz.
Kontuak kontu, lau egunetan zehar 45 ikuskizun aurkeztuko ditue Umore Azokako hamabosgarren edizinoan parte hartzeko aukeratutako 43 konpaniek, eta ehundik gora emonaldi izango dira; antzerkia, zirkua, jantzak, performance, clown, instalazino artistikoak edo mikroantzerkiagaz gozetako aukerea izango da Leioan.
Sormen aldetik ez eze, jatorri geografiko desbardinak buztartuko ditu aurtengo Umore Azokeak: Euskal Herriko 14 konpainiak 15 ikuskizun eskainiko ditue, horreetatik zortzi estreinaldiak diralarik; Espainiako hainbat lekutatik bertaratutako beste 22 taldek 23 ikuskizun aurkeztuko ditue, tartean zortzi estreinaldi; eta ganerako zazpi konpainiak, nazinoartekoak izanik, guztiek bat izan ezik, lehen aldiz plazaratuko ditue Estaduan euren sormen lanak.
Umore Azokea era guztietako publikoa batzen dituan hitzordua bilakatu da eta arte eszenikoen arloan dabilzan profesionalentzat be ezinbesteko izatea lortu dau Umore Azokeak, Leioa dabelako sormena aireratu eta arnasa hartzeko topaleku. Bertan, hurrengo hilebete eta urteetan gure herriko kale eta plazetan ikusiko diran ikuskizunak aztertu egiten ditue kultur kudeatzaileek, adierazo dabe.
Profesionalak
Umore Azokearen hamabosgarren edizinoan profesionalek izena emoteko epea edegita egongo da eguenetik, martiaren 27tik, Nazinoarteko Antzerki Egunagaz batera. Izena emoteko www.umoreazoka.org webgunera jo behar da eta maiatzaren 2rako eskakizuna bete. Profesionalen presentziak berebiziko garrantzia dauka kaleko arteen sektorearen ekonomia bultzatzeko, eta ahalegin horretan ddabilz antolatzaileak zein konbidatutako konpainiak.
Umore Azokako antolatzaileak igaz hurreratu zan profesional kopurua gehitzea espero dabe; danetara, 162 lagun hurreratu ziran igaz negozioak egiteko asmoagaz. Kopuru horri, izenik emon barik gerturatu ziran programatzaile, aholkulari, banatzaile eta konpainiek gehitu behar jakoz, honeek be Leioako gune publikoetan eskaini ziran ikuskizunakaz gozetako aukerea erabili ebelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!