Meatzaritzearen sasoia gogora ekarriko dabe Bilbon, erakusketa eta berbaldien bidez

Dabi Piedra Robledo 2014-02-12 14:23   jardunaldiak

Arte Berreginen, Meatzaritzearen eta Itsasadarraren museoen alkarlanagaz eta BilbaoHistoriko erakundearen bultzadaz, apirilera arte iraungo dau Bilboko Meatzak programeak. Gaur bertan, maketen erakusketea zabaldu dabe Berreginen Museoan. Asmoa da, garai baten Bilbon ohikoak izan ziran meatzeetako teknologia, tresnak eta bizimodua erakustea, edade guztietarako aproposak diran jardueren bidez.

Arte Berreginen, Meatzaritzearen eta Itsasadarraren museoen alkarlanagaz eta BilbaoHistoriko erakundearen bultzadaz, apirilera arte iraungo dau Bilboko Meatzak programeak. Gaur bertan, maketen erakusketea zabaldu dabe Berreginen Museoan. Asmoa da, garai baten Bilbon ohikoak izan ziran meatzeetako teknologia, tresnak eta bizimodua erakustea, edade guztietarako aproposak diran jardueren bidez.

Maketen erakusketea Arte Berreginen Museoan ipini izana ez da kasualidadea. Izan be, Bilboko San Frantzisko kalean dago museo hori, sasoi bateko meatzeak egon ziran lekuaren alboan. San Frantziskoko auzunea, meatzaritzearen erritmoan garatu zan hamarkada askoan. Meatzeen funtzionamendua ulertzeko, maketa ugari ipini ditue, Gallartako Meatzaritzearen Museoak itxitako hainbat objektu eta argazkigaz batera. Jaime Laita artisteak egin ditu maketak. Meatzaritzea zer dan modu garbian erakutsi nahi izan dogu, azaldu dau Maria Asis BilbaoHistorikoko arduradunak. Holan, meatzeen egiturea, erabilten ziran tresnak, materiala garraiatzeko sistemak eta abar ezagutu leitekez maketen bidez. Baina tresnak bakarrik ez, bertan behar egiten eben pertsonen bizimodua be erakutsi nahi dogu, zehaztu dau Asisek.

Bilboko Meatzak programan, Berreginen Museokoagaz ganera, beste erakusketa bi antolatu ditue. Martiaren 6tik aurrera, BilbaoHistorikoren Expogelan (San Frantzisko, 32), All Iron izenburuko erakusketea zabalduko dabe. Emilio Cobosen bildumatik hartutako mineral-harriak, dokumentuak eta bestelako bitxikeria batzuk egongo dira. Martiaren 13an, barriz, Bilboko Itsasadarraren Itsas Museoan zabalduko dabe hirugarren erakusketea, Ignacio Ipiña artisteak meatzari auzoen inguruan egindako koadroena. Bilboko Berreginen Museoko koordinatzaile Sorkunde Aiarzak nabarmendu dauanez, museoen arteko alkarlana ezinbestekoa izan da programea aurrera eroateko.

Apirilaren amaiera aldera arte, ekintzaz betetako egitaraua antolatu dabe, beraz, Bilboko Meatzak egitasmoaren arduradunek. Aitatutako hiru erakusketakaz batera, berbaldiak egongo dira, historialari, ikerlari eta idazleen eskutik. Martiaren azkenengo zapatuan, ibilbide gidatuak egingo dira Bilboko auzoetatik, parte-hartzaileei meatzaritzeak han itxi dauen arrastoaren barri emoteko. Martiaren 22 eta 23an, Burdin Jaia egingo dabe, Martzanako kaian. Mineralen erakusmahaiak, meatzaritzagaz lotutako objektuak, harri-zulatzaileen erakustaldiak eta abar egongo dira Burdin Jaian, sorpresatxuren bat eta guzti, antolatzaileen arabera.

Gure auzoetako ondare historiko-artistikoa erakustea garrantzitsua da, adierazo dau Maria Asisek, ezin dogu ahaztu Bilboko auzo batzuetan meatzaritzeak euki eban pisua. Holan, Bilboko Meatzeak egitasmoaren bidez, meatzeen ganean 360 graduko ikuspegia emon nahi dogu, azaldu dau Asisek. Edade guztientzat aproposak diran jarduerak dirala azpimarratu dau BilbaoHistorikoko arduradunak, umeakandik hasi eta adinekoakanaino: Umeak harritu egingo dira lehen Bilbo zelakoa zan ikusita eta, adineko askok, aldiz, oraindino gogoan izango ditue meatzeetako azpiegitura ikusgarriak, adibidez meatzeetatik erreka ertzera minerala eroateko kable erraldoiak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu