20. Zinegoak, 50 jarduera

Bizkaie! 2023-06-20 13:54   jardunaldiak

Sail ofizialeko hiru kategorietan (FIK, DOK, KRAK) 16 film luzek hartuko dabe parte.



Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia bagilean atonduko da lehen aldiz eta XX. urteurrena dala eta, kultureagaz eta sexu-aniztasunagaz lotutako 50 jarduera iragarri ditue.

Bagilaren 23tik garagarrilaren 3ra, Bilboko hainbat aretotan proiekzinoak, barriketaldiak, arte eszenikoak, jaiak eta kontzertuak izango dira, jai eta aldarrikapen giroan.

Arriaga antzokian emondako prentsaurrekoan, Zinegoakeko taldeak edizino honetako programazino osoa aurkeztu dau. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoak adierazo dauenez, Zinegoak berregituratu egin da eta datak aldatu egin dira sensibilizazinoan eta salaketa lanean jarraitu ahal izateko, artearen, zinemearen eta kulturearen bidez gizartea eraldatzen lagunduko daben iruditeria eta narrazino barriak bultzatuz.

Era berean, aurten Zinegoakek identidade aldakorretan jarri dau arretea, generoa aldatzeko eta deskubriduteko lekua dala ulertuta.

Film luzeen sail ofizialean, 16 film lehiatuko dira jaialdiko ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba barriak), Brasil, Kanada, Libano, Suitza, Portugal edo Argentina herrialdeetakoak, besteak beste. Programazioaren bidez, ondokoa gaiak jorratu nahi izan ditugu: esnatze sexuala, norberak bere burua ezagutzea (Lobo e Cão, Something You Said Last Night), gure gorputzakazko gozamena (Fierce: a porn revolution), sorlekura itzultzea (Liube), memorien artxiboa (Casa Susanna, Anhell69), zapalkuntzearen egitura hegemonikoak ezabatzeko burrukea (Wildhood, Who Im not) edo beste mundu batzuk erakusteko eta pentsetako ilusinoa (Alteritats, De noche los gatos son pardos).

Horrezaz gan, ikusleek hainbat barriketaldi izango ditue aurrez aurre film horreetako zinemagile eta protagonistakaz, besteak beste, Alteritats dokumentalaren zuzendariak Alba Cros eta Nora Haddad Casadevall; edo Sirens dokumentalaren protagonistea dan Lilas Mayassi, Libanoko Slave to Sirens metal taldeko kidea.

Sail ofizialean lehiatuko diran 25 film laburrei jagokenez, Haurtzaroa eta nerabezaroa; eta Emakume zuzendariak; ohiko zikloez gan, Zinegoakek ziklo barri bi izango ditu: Alde batetik, Lotura primarioak; bertan, lotura primarioei buruzko istorioak izango ditugu, gure gurasoakaz eta tutoreakaz ditugunak, eta gure garapen emozionalean funtsezko espazioa diranak. Bestetik, TBIQ+ ziklo barria, LGTBIQ+ kolektiboaren barruan hain ikusgarriak ez diran errealidadeen istorioen lagina. Gainera, lehiaketa ofizialetik kanpo, Erroak ziklo klasikoa izango dogu, Euskal Herrian produzidutako hainbat film labur erakutsiko doguzalarik.

Jaialdia bagilaren 26an hasiko da Arriaga Antzokian bertan egingo dan inaugurazino galeagaz (gonbidapenak antzokiaren webgunean eskuratu daitekez). Ekitaldia Nerea Arriolak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dabe, Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emonaldiakaz eta Angeles Cruz zuzendari oaxakarrak jasoko dau DAMAk babestutako Zinegoak 2023 Ohorezko Saria.

Aldez aurretik, bagilaren 23tik 25erako asteburuan, 3, 2, 1... Zinegoak! aurre-jaialdia. Barikuan, Guggenheim Museoan, Nina Menkes zinemagile independentearen Brainwashed Sex-camera-power dokumental-saiakerearen proiekzinoa izango da. Zapatuan, hilak 24, Zinegoakek egun osoko programazinoa atondu dau: Queer (Un) Belongings Eszter Katalinen ikuskizunagaz La Sinsorgan; eta arratsaldean Bilborocken Dantzerti eta Musikenek bultzatutako Gure garaian antzezlanaren estreinaldiagaz, LGTBIQ+ adinekoen testigantzetan oinarrituta.

Eguna Bira Kulturgunean amaituko da, BIZI. Bisexualidadea eta euskal komunidadea proiektuaren aurkezpenagaz, Miren Narbaiza, La Furia, DJ Eromena eta DJ Clizen musika ikuskizunagaz. Azkenik, domekan, Ángeles Cruz ohorezko saridunaren eta Irantzu Varela kazetariaren arteko barriketaldia egingo da Bilborocken eta zinemagile mexikarraren hiru film labur proiektauko dira.

Proiekzinoez gan, Zinegoakek hainbat jarduera osogarri be atonduko ditu bagileko azken astean. La Fundición Aretoak Gilkitxaro konpainiaren Identitarteak antzezlana hartuko dau. Antzerki taldeak 25 urte beteko ditu eszenatokietan eta bere nortasunei buruz hausnartuko dau lan barri honetan.

Pabilioi 6 espazioan Esaiozu antzezlan eszenikoaz be gozau ahal izango dogu. Saiakera honetan LGTBIQ+ lagun batzuen istorioa kontetan da, orgia bat eginez hainbat tensino askatu nahi dituenak.

BilbaoArten, bestalde, saio berezi bi egingo dira: Izaskun Arandiak zuzendutako My way out dokumentalaren aurkezpena; eta Ángeles Cruzen atzera begirako bat, Nudo Mixtecoren proiekzinoagaz. Zinegoakek hainbat jai eta kontzertu be antolatu ditu jaialdia amaitzeko; Chocolate Remix reggaetoi feministea; Paula Trama eta Barbi Recanatiren kontzertua Cabareten; eta 20. urteurreneko jaia Badulaken. bagilaren 28an, arratsaldez, Zinegoakek ez dau jarduerarik programau, Bagilarenn 28ko Koordinakundeak atondutako manifestazinora joan ahal izateko.

Aurten be, Zinegoakeko atal profesionalak, ZG/PRO, protagonismo berezia hartuko dau, programa zabala atondu baitabe Azkuna Zentroan, besteak beste, estetika ez-bitarrari buruzko mahai-inguru bat egingo da, gorputzeko praktikei eta irudikapenei buruzko masterclassak egingo dira, hainbat Work In Progress proiektu aurkeztuko dira...

Jaialdiaren amaiera ekitaldia garagarrilaren 3an, astelehenean, izango da Bilborocken eta bertan XX. edizinoaren palmaresa ezagutarazko da. Zinegoak aurrez aurre amaitu ondoren, jaialdiak Filmin plataformearen leiho digitalean jarraituko dau eta sail ofizialeko hainbat film egongo dira bertan eskuragarri. Aurten ZG Hedapena Euskal Herriko 50 herritan ospatu eta lehen aldiz jaialdiaren aurretik egin da. Holan, herri guztiek aurretik gozau ahal izan dabe Bilbora eta Lekeitiora helduko diran edukietako batzuez.

zinegoak.com webgunean konsultau daiteke Zinegoakeko programazino osoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu