Bilbao Dendak-ek 'Athletic munduko talderik onena' erakusketea zabalduko dau urian

Bizkaie! 2018-09-12 08:15   jardunaldiak

Saltokietan ikusgai jarritako 50 irudi dira guztira, Athleticeko historia eta mitologiari errepasoa egiten deutsienak.

Bilbao Dendak alkarteak, Bilboko merkataritza eta turismo jarduerea sustatzeko alkartea, harrotasun zurigorria aldarrikatzeko ekimena aurkeztu dau gaur, uriko denda, taberna eta jatetxeen erakusleihoetan zehar zabalduz, uriburuaren auzoetan egingo dan erakusketen bitartez. BilbaoDendak-eko presidente Aitor Elizegik erakusketa ibiltaria aurkeztu dau eta beragaz izan dira Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto; Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordea, Isabel Muela; Gorka Martinez, BBKko zuzendari nagusia, erakusketearen babeslea; Inés Monguilot, Kutxabankeko Marketing eta Publizidade zuzendaria; Athletic Clubeko atezain historikoa dan José Ángel Iribar, eta Bilboko erakunde eta merkataritza sektoreko gonbidatuak.

Beste modu batean ezin izan danez, ekimenak benetako bilbainada bat dau izen legez: El Mejor Equipo del Mundo. Haren edukia, Tomas Ondarra ilustratzaile eta athletic zaleak, Carlos Ranedo idazleagaz batera, egindako liburu homonimoaren irudietatik atera da.

Saltoki eta ostalaritza establezimenduetan ikusgai egongo diran 50 irudi dira guztira, Athleticeko historia eta mitologiari erabateko errepasoa egiten deutsienak: lehengo eta egungo jokalari mitikoak, sasoi batean garrantzitsuak izandako entrenatzaile, presidente eta zale ospetsuak, estadio zaharra zein barria, garaipenak, eta porrot mingarriren bat... Clubaren ehun urteko historiak dauen anekdota-bildumea ahaztu barik.

Ekimen hau bultzatzeko orduan, erakusketea uriaren auzo guztietara heltzea izan da Bilbao Dendak alkartearen asmo nagusia; beraz, gaurtik eta urtarrilaren amaiera arte, auzo desbardinetako establezimenduetan ibiliko da. Erakusketa ibiltariaren lehenengo geltokia Bilbao erdialdeko 44 saltoki eta El Corte Ingles izango dira, Gran Via kalean dauen erakusleihoetariko bat munduko talderik onenari modu esklusiboan eskainiz zazpi irudien bidez; gaurtik hasita eta irailaren 29ra arte ikusgai egongo dira.

Urrian, Deustu eta Hiru Auzo merkatarien alkarteak hartuko dabe lekukoa hilaren 21era arte; 2. Barrutiak eta Zubiartek urriaren 22tik zemendiaren 11ra; Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra alkarteak, Erriberako Merkatuagaz batera, zemendiaren 12tik 25era; Basurto, Errekalde eta Zorrotza, zemendiaren 26tik abenduaren 14ra arte; eta azkeneko geltokia Santutxu, Txurdinaga eta Otxarkoagako saltoki eta ostalaritza establezimenduak izango dira, 2019ko urtarrilaren 1etik 21era.

Esangura horretan, Bilboko taberna eta dendetako bezeroek, eta Bilbo bisitetan dauen edozeinek, Tomas Ondarrak jatorrizko mitoakaz egindako berregite artistikoakaz gozau ahal izango dabe: Pichichi edo Mr. Pentland, Zarrak bideratutako aurrelarien momentu historikoa, 60 eta 70 hamarkadetakoak diran Iribar, Uriarte eta Rojo, Clementek zuzendutako talde txapelduna, edo orain arte taldea ordezkatzen joan diran jokalariak: Guerrero, Etxeberria, Urzaiz, Gurpegui, Iraola, Aduriz edo Iñaki Williams. Ekintza gogoangarrien tokiak ahaztu barik, Bizkaiko futbolak hasierea izan eban Ingelesen Landea, egungo estadio barria, San Mames zaharra bere arku bereziagaz, eta gomutarako kanpoko partiduen kokapenen bat.


Liburuen eta Kutxabank Athletic Esperientzia zozketea

Historia eta anekdota-bilduma erakustaldi hau gogoan, horri lotutako zozketa bitan parte hartzeko aukerea dago: Alde batetik, erakusketa denporaldian edozein saltoki alkartuan erosketen bat egiten dabenek, El Mejor Equipo del Mundo liburuaren 150 aleen zozketan parte hartu ahal izango dabe. Liburuen sei zozketa antolatu dira, Bilboko auzoetan ikusgai egongo diran sei erakusketa bakotxean 25 liburu zozketatuz. Parte hartzeko www.bilbaodendak.eus webgunean sartu eta formulario orria bete besterik ez da egin behar.

Beste alde batetik, Bilbao Dendak eta Kutxabankek Athletic esperientzia sortu dabe merkatari zein bezeroentzako, egun ahaztezinaz gozau deien. Horretarako, sei zozketa horreetako batean parte hartu eta Kutxabank bezeroak diranen artean, pertsona birentzako sei Kutxabank  Athletic Esperientzia zozketatuko dira. Sariak futbol-egun oso batez disfrutetako aukerea dakar, San Mames zelairako sarrerea, Azurmendi Jatetxean bazkaria eta bestelako hainbat sorpresakaz. Haren saltokia zuri-gorri gaiagaz ondoen apaintzen dabenek Kutxabank Esperientzia irabazteko aukerea izango dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu