Nogen, Maialen Lujanbio, Janus Lester eta Amets Arzallus San Mamesen

Bizkaie! 2026-05-22 07:41   jardunaldiak

Unibersidade publikoaren eguna: bagilak 12.

Joxerramon Bengoetxea eta Estitxu Garai. Erretratua: Laura Lopez. Komunikazino Bulegoa, EHU. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Unibersidadeak atondutako gradu eta graduondo amaierako lehen ekitaldi bateratuak Nogen, Maialen Lujanbio, Janus Lester eta Amets Arzallus batuko ditu San Mamesen, besteak beste. Eta EHUn ikasketak amaituko dituen ikasleak autortzeaz gan, EHUalumniak omentzea da asmoa eta EHUko ikasle ohien zuzenekoak eskainiko dira eszenatokian.

Estadioko zelaia ganezka ikusi nahi dab atontzaileek bagilaren 12an EHUko 2026ko promozinoko ikasleentzat. Bertaratutako ikusleek, ostera, harmailetatik jarraituko dabe ikuskizuna, okasinora jarriko diran 3 pantaila erraldoiei esker. Lehenengoz egingo da gradu eta graduondo amaierako ekitaldi bateratua, unibersidade publikoaren egun handia izan nahi dauena. Holan azaldu dabe Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibersidadeko errektoreak eta Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazinoko errektoreordeak, San Mames estadiora egindako bisitan. Han aurkeztu dabe EHUren egun handian egongo diran zuzenekoen egitaraua: danak EHUko ikasle ohiak izango dira, gainera, hori baita ekitaldiaren helburuetako bat, EHU ospatzea, azaldu dau errektoreak.

Batetik, Nogen taldeak joko dau. Ane Negueruela abeslariak Medikuntzea ikasi eban EHUn eta mediku lanetan dabil, NOGEN taldean abeslari izateaz gan. Bigarren musika kontzertua Janus Lester taldeak eskainiko dau. Jokin Pinacho abeslaria Kimikan graduau zan eta igaz defendidu eban tesia Euskal Herriko Unibersidadean.

Musika taldeakaz batera bertsolariak be agertuko dira oholtzan: Maialen Lujanbio Zugasti Arte Ederretan lizentziaduna eta Amets Arzallus Antia Kazetaritzan lizentziaduna; bertso txapelketa nagusiko txapeldun biek saio labur bat eskainiko dabe ekitaldiaren hasieran.

EHUalumni sariak

Ekitaldi berezia izango da, azpimarratu dau Joxerramon Bengoetxea errektoreak; unibersidade publikoa defendidutea be badalako unibersidadea ospatzea, bidelagun izatea eta gure gizarteari egiten deutson ekarpena jentaurrean autortzea. Horren erakusle banatuko dira lehenengo EHUalumni sariak.

Sofia Arribas arkitekto eta diseinatzaileak, Itxaso Ariza injineruak, Iñigo Lamarka abokatu eta EHUalumniko lehenengo presidenteak, Teresa Madariaga ekonomialari eta enpresa kudeatzaileak, Carmen Mijangos kimikari eta Zientzia eta Teknologia Fakultadean ikasi ebann lehenengotariko emakumeak eta Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohiak jasoko dabe 2026ko EHUalumni saria. Hainbat belaunalditako EHUko ikasle ohiek ibilbide profesional esanguratsua izan dabe eta unibersidade publikoaren balioen ordezkari lez jasoko dabe omenaldia.

Zientzia dibulgazinoa

Zientzia dibulgazinoak be lekua izango dau eta ekitaldi berezia izanik, aitabitxi lanetan be, akademiaren ordezkari berezia ibiliko da San Mamesen: Juan Ignacio Perez Iglesias, gaur egun Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntza sailburuak Iraganaren etorkizuna berbaldia eskainiko dau.

Palestina gogoan

Euskal Herriko Unibersidadeak Palestinaren kontrako erasoak salatuz ekin eutson ikasturteari irailean eta esangura horretan, ikasturte amaierakoan be keinu bat euki nahi izan dau Gazagaz. Holan, Palestinako musikariz osotutako Sol Band taldeko abeslariak be parte hartuko dau ekitaldian.

Senide eta lagunei ez eze, ekitaldia gizarte osoari edegia dago eta sarrerak salgai dagoz 19,95 euroan, ehu.eus webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu