Jentetsua izan da IV. Pasaia Itsas Festibala

Bizkaie! 2026-05-18 12:25   jardunaldiak

Urte bi barru egingo dabe hurrengo edizinoa.

Atzetik aurrerako edizinoa izan da: astegoiena aurrera joan ahala, eguraldiak hobera egin eta Pasaia jente gehiagok bisitau du. Atontzaileen eretxiz, edizio arrakastatsua izan da eta urte bi barru beste festibal bat egingo dabe.

Egunak pasau ahala eguraldiak hobera egin dau eta hurreratu diranak pozik heratu dira: ontzi tradizionala ikusi eta barrutik bisitetako aukerea izan dabe, baita San Juan baleontzia be. Azken eguna Pasaiatik paseoan ibilteko erabili dabe askok eta bidean ikusi dabe, adibidez, Pasaiako Batelerek Pasai Donibanen egindako erakustaldia. Urteak atzera emakume horreek egiten eben lana erakutsi gura izan dabe eta Victor Hugo eta sasoi bateko herritarrak izan dira hareekaz.

Txikienek goiz osorako plana izan dabe: lehenengo, planisferio bat marraztu dabe aterki batean; gero, Pirata garrapata ikuskizunaren ikusle fidelenak izan dira eta, azkenik, erraldoien atzetik joan dira eta eurekaz argazkiak atara ditue.

Familia asko batu dira San Pedron. Eguerdian, Femmm Vocal Jazz taldearen kontzertuak zurtz eginda itxi ditu entzuleak. San Pedroko lonjako plazea ahotsez bete eta jende askok entzun ditue gustura, bazkaltzen egozan bitartean. Gero, Kattalin eta Nenufarrak taldekoek jarri dabe giroa.

Festibalari amaiera borobila emon deutso Trintxerpeko itsas-tanborradeak. Kaleetan zehar ibili dira eta jenteak gustora hartu ditu.

2028ko edizinoaren zain

Pasaia Itsas Festibaleko ordezkariek eskerrak emonez agurtu ditue ohorezko konbidadu kanadarrak, izan be, eurei esker bueltau dira Pasaiara euskal baleazaleek mendeak atzera ezagututakoak.

Era berean, festibalaren atontzaileek eskerrak emon deutsee beste portu batzuetarantz joateko dagozan ontziei, baita festibala posible egin daben boluntarioei be. Horrezaz gan, eguraldiak lagundu ez dauen arren, Pasaiara hurbildu diranak eskertu ditue. Itsasoa eta Haizea lagun baditue, ontzi tradizionalek Pasaiako uretan egingo dabe topez 2028an be.

Eskerrik asko edizino hau esperientzia ahaztuezin bihurtu daben ontzi eta persona guztiei.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu