Zeanurin, errotarik errota
2025-05-05 07:50 jardunaldiakMaiatzaren 11an izango da Zeanuriko Erroten XVIII. Ibilaldia.
Joko Alai Alkarteak atondutako Zeanuriko Erroten XVIII. Ibilaldia maitzaren 11an izango da. Atontzaileek adierazo daben bezela, ibilaldiaren helburuak hasierakoak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea eta, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskaintzea. Zeanurin ezagutzen diran edota han-hemenka dagozan errotak edo erroten errastuak, guztira hamazortzi dira, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar zazpi erroten ondotik pasauko dira ibiltariak eta hirutan (Errotabarri, Ibargutxi eta Olabarri) sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.
Joko Alaiko arduradunen arabera, ibilbidea ezin hobea da familian eta umeakaz egiteko, errotak eta euren instalazinoak (presea, kaltzea, antepara, errotarriak mobimenduan eta artoa ehotzen, errotapea, energia hidraulikoa...) lasaitasunez ikusteko aukerea emonez. Beraz, domeka goiza kirola eginez eta naturaz disfruteteaz gan, erroten mundua ikusteko eta ikasteko aukerea emoten dau ibilaldi horrek.
Holan, ibilbide bi atondu ditue atontzaileek, bata luzea, 14 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 7 kilometrokoa, umeentzako edo ondo prestauta ez dagozanentzako egokitua. Ganera, jan-edana banatuko da.
Ibilaldia
Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik (azken hau 2015ean zaharbarriztau eben Manterolatarrek eta sartu-urtena egin ahal izango da) pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik egingo dabe aurrera, eta horretarako, Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoak diseinau eta edegi dauen bidetik (200 metroko egurrezko pasarelea eta guzti) jarraituko dabe.
Urtegia atzean itxi eta laster Barrengoerrota topauko dabe, Beretxikora errekatxuaren ertzean. Agarre izeneko baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajauko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak edegita izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe.
Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse bideari (oraingoan beste aldetik); presatik 100 metrora, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantabricak. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik pasau ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea ikusiko dabe, Olabarrikoa (Pujana familiak guztiz zaharbarriztua) eta sartu-urtena egiteko aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea 18 kilometrokoa da baina seguru ziteari erantzuteak mereziduko deutsela ibiltariei, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak adierazoten dauen koloreen sinfoniaz disfrutetako aukerea izango dabe-eta.
Bisitetan diran hiru errotak: Errotabarri, Ibargutxi eta Olabarri
Ibilbidean zehar bederatzi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan (Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin) sartu-urtena egiteko, errotea lanean ikusteko eta osotzen daben atalak bertotik bertara ezagutzeko aukerea izango dabe.
- Errotabarriko errotea: Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben. Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu. Errota honetan, presa eta anteparea lotuta dagoz konporta baten bidez. Zeanuriko ganerako errotetatik bereiztuz, Errotabarrin errotapetik kaltze bat ateratzen da, urak errekara bideratzeko. 1975eko apirilean itxi eutson lan egiteari eta azken errotaria Andres Aldekoa Ane izan zan. 2015ean guztiz zaharbarriztau eban Errotabarri Manterola familiak.
- Ibargutxiko errotea: Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantz itxi eutson lan egiteari. 1945ean errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra produziduten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen eben elektrizidadea. Ibargutxiko errotearen instalazioak guztiz zaharbarrituta dagoz. Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan, eta bere heriotzearen ostean, urte batzuetan, Satur semeak jarraitu eban ingurukoentzat ehoten.
- Olabarriko errotea: Ibarguen kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jaubetzea. Pujanatarren aurretik Manterola familiak aprobetxau eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotearen kargu egin zan arte. XX. gizaldiaren erdirantz Benigno Pujanak, Isidroren semeak, errotea erosi eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun eban 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ostean, Fermin semeak errotearen zaharbarrizte lanei heldu eutsen eta hor darrai gaur egun be jo eta ke apurka-apurka txukunduz. Olabarriko erroteak hiru harri daukaz. Errotearen ondoan burdinolearen errastuak dagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!