XX. Mangamore sano berezia izango da
2026-10-09 12:03 jardunaldiakUrriaren 10ean 11n, besteak beste, Folagor, Zequio eta Rebecca Vilches, Fisicomic eta Mitsuru Nagata izango dira.
Momentu berezienetakoa zapatuan helduko da, Mangamoreren 20 urteak ospatzeko ekitaldi bereziagaz, jaialdiaren ibilbidea errepasau eta urte honeetan guztietan Mangamoreren historian parte hartu daben persona eta erakundeak autortuko dira. Ospakizunean parte hartuko dabe, besteak beste, Jokin Lacallek, Santi Romanok, Leire Iturbek, Igone Gonzálezek eta Sofia Izaguirrek.
Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek nabarmendu dauenez, Mangamore gure udalerrian sano errotuta dagoan hitzordua da, eta aurten, gainera, bere 20 urteko ibilbidea ospatzeko aukerea izango dogu. Salterainek ondokoa azpimarratu dau: urte honeetan guztietan jaialdiak hazten jakin dau, bere izaera edegi, parte-hartzaile eta familiarra galdu barik, eta japoniar kulturea edade guztietako publikoari hurbilduz.
Programazinoa Amorebieta-Etxanoko hainbat lekutan izango da. Zelaieta Zentroak Artist Alley-a, tailerrak, bideojokoak, karta eta rol-jokoak, erakusketak, familientzako jarduerak, hitzaldiak eta bildurrezko pasarte bat hartuko ditu. Horrezaz gan, japoniar kaligrafiagaz, Sumi bereziagaz, tearen zeremoniagaz, kimonoagaz eta japoniar poesiagaz lotutako jarduerak be izango dira.
Zelaieta parkean stand komertzialak eta gune gastronomikoa kokatuko dira, softcombat jarduerakaz, argi-ezpata burrukeagaz eta Star Warseko 501. Leginoaren presentziagaz batera. Txu Txu trena be bueltauko da eta Antxeta by Taberu taberneak Mangamorerako pintxo berezi bat eskainiko dau.
Eskaintzea Zornotza Aretoan eta Herriko Plazan osotuko da; bertan, pantaila handiko bideojoko txapelketak egingo dira, baita ume eta nerabeentzako puzgarriak eta Umore Horia jarduerak be.
Zornotzako eragileen parte-hartzea izango dauen edizinoa
Mangamorek tokiko ordezkaritza zabala izango dau aurten be. Amorebieta-Etxanoko artista, alkarte, establezimendu eta kolektiboek zuzenean parte hartuko dabe programazinoan, jaialdiaren eta udalerriaren arteko loturea indartuz. Besteak beste, Artist Alley-an parte hartuko daben sortzaileak, Forjadores alkartea, Antxeta by Taberu establezimendua eta Ukabidea taldea izango dira bertan.
Programazinoak, gainera, edade eta profil oso desbardinetara zuzendutako jarduerak batuko ditu, umeentzako eskulanak eta karta, rol eta bideojoko txapelketak, bikoizketa tailerrak edo ilustrazinoagaz eta japoniar kultureagaz lotutako ekitaldiak ez dira faltauko.
Mangamorek bere izaera edegi, parte-hartzaile eta belaunaldien artekoari eustea dau helburu, bai publiko espezializatuarentzat, bai jaialdira lehen aldiz hurbiltzen diranentzat be aukerak eskainiz.
Sartzea doban da eta izen-emotea behar daben jarduerak
Mangamorerako sarbidea libre eta dobakoa izango da, aforoa bete arte. Lehiaketa batzuetan parte hartzeko aldez aurretik izena emon beharko da jaialdiaren webgunearen bidez eta zenbait tailerretarako aurrez aurreko izen-emotea egongo da urriaren 10ean, zapatuan, 11:00etatik aurrera, tailerren gunean bertan, plazak bete arte.
Mangamore urriaren 10ean, zapatuan, 11:00etatik 21:00etara, eta urriaren 11n, domekan, 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.
Programazino osoa, informazino praktikoa zein egitarauaren barri hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
