Igaztik artea zenbat hazi dan neurtuko dabe San Balendinetan Zeanuriko Eleizondon
2014-02-11 14:10Egitarau honetan aitagarria da orain dala 55 urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala sei urte, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.
Urtero lez, aurten be San Balendin jaiak ospatuko dira Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan, zezeilaren 16an, domekan, San Balendin egunaren hurrengo domekan.
Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Mª Luisa Emaldik, datorren urtekoari, Dionisia Zuluagari, agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Ostean, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.
Egitarau honetan aitagarria da orain dala 55 urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala sei urte, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.
Pedro Lejarzaren —elizondotarra eta antolatzaileetariko bat— arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —konbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak topau ditue; lehenengo neurketea 1959koa da, eta ondokoa irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.
Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papeltxu batean ondokoa idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 zirkunf.: 1,50”.
Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta maiordomoak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. Orain dala bost urte, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honi, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Ganera, zuhaitzeari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta aurduratu zan eta bera izango da aurten be zeregin hori beteko dauena. Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 182 zm-ko perimetroa 150 zm-ko altueran (2012an baino 2 zm. Gehiago).
Piedadea ermitea
Eleizondoko Piedadea baseleizea XVIII. gizaldikoa da. Oin laukizuzena —7,20 m. X 5,30 m.— dauka; hormak errekarrizkoak dira, harlandu txikiakaz ertzetan eta huts-guneen inguruetan. Lau isuriko teilatua dauka, eta ez dauka kanpantorrerik.
Eleizpea zarratua da, eta puntu-erdiko ate bi eta leiho zabal bat daukaz, hau be puntu erdikoa. Sarrerek burdinaz sareztatutako ateak daroez eta leihoak be burdindun hesia dauka.
Baseleizarako sarrerea puntu erdiko arku bat da, egurrezko hesi bategaz itxia, arku horretan txertatzen da barrura sartzeko egur-atea.
Baseleizan gordeten diran irudiak: Piedadea, Jesusen Bihotza eta San Balendin.
Lehenago San Balendin eguneko mezea parrokian emoten zan. Jai bezperan santuaren irudia parrokiara eroaten zan prozesinoan, eta San Balendin egunean, ermitearen inguruan buelta bat emon ondoren, bere jatorrizko lekuan ixten zan. Azken urteotan ohitura hau berreskuratu egin da.
San Balendinen biografia
Erromatar Martirologioak Balentin izenagaz bi santu aitatzen ditu: bata, abadea da eta bestea, gotzaina. Beharbada, nahasketa bat egon daiteke, eta persona berberari buruzko bi historia izan daitekez. Bata, Terni-ko San Balendin da; Interamnako (gaur egungo Terni) gotzaina izan zan. Ospetsua izan zan ebanjelizazino lanagaitik eta mirariakaitik. Aureliano enperadorearen jazarpenetan kartzelaratu eta burua ebagita hil egin eben K. o. 273an. Bere gorpua Terniko katedralean dago.
Bestea, Erromako San Balendin da. Klaudio Godoa enperadoreren jazarpenak jasaten zituenei laguntzen eutsen. Baina bera be kartzelaratua eta torturatua izan zan, eta burua ebagita hil egin eben, 268ko zezeilaren 14an. Bere erlikia gehienak Santa Praxades eleizan dagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!