Kulturearen eta uriaren arteko hartu-emonak aztertuko ditue Bilbon martian, Avignoneko Foroan

Dabi Piedra Robledo 2014-02-06 14:20   jardunaldiak

2008an sortu zanetik, lehenengoz egingo da foroa Frantziako Avignon uritik kanpora, izan be, Bilboko Alondigara etorriko da kulturearen ganeko pentsalari eta eragileen topaketea martiaren 5etik 7ra.

2008an sortu zanetik, lehenengoz egingo da foroa Frantziako Avignon uritik kanpora, izan be, Bilboko Alondigara etorriko da kulturearen ganeko pentsalari eta eragileen topaketea martiaren 5etik 7ra. Mundu zabaleko adituak egongo dira eta baita bertoko agente kulturalak be. Uria, kultur ekosistema legez, horixe izango da Avignoneko Foroaren edizino honetako goiburua.

Laure Kaltenbach, Avignongo Foroaren zuzendariak adierazo dauenez, Bilbo leku aproposa da topaketea egiteko, kultur eraldaketarako gogoeta sakona egin dau Bilbok, Guggenheim Museoa eregite hutsa baino prozesu sakonagoa izan da, horregaitik aukeratu dogu Foroaren egoitza izateko aurten. Ekitaldiak Alondigean izateari aitagarria deritxo Kaltenbachek, 2008an lehenengo foroa egin zanean, Avignonen egon zan Iñaki Azkuna alkatea eta Alondigako proiektuaren barri emon eban; sei urte geroago, ideia ha errealidade bihurtu dala ikustea oso adierazgarria da. Avignongo Foroaren Bilboko hitzordua, Catalyse izeneko proiektuaren barruan dago. Catalyse, Europako programa kulturala da eta hiru uritan egiten dabilz. 2013ko bagilean, Alemaniako Essen urian izan zan Catalyseko lehenengo zatia, zemendian Avignonen egon zan eta, martian, Bilbon amaituko da.

Forum d´Avignon egitasmoaren bidez, nazinoarteko eta, batez be Europako, kultur eragileen arteko gogoetea egiten da, gizartearen, ekonomiaren, politikearen eta kulturearen arteko hartu-emonak aztertzeko. Kulturea herrien garapenerako zelan erabili eta gizartearen erdigunera zelan ekarri aztertzen dabe. Bilboko kasuan, Uria, kultur ekosistema legez leloagaz, kultureak eta sorkuntzeak urien ezaugarrietan zelan eragin leikeen ikusiko da. Bilboko Alondigako zuzendari Lourdes Fernandezen arabera, debatea sortuko dogu, zelan diseinau kultur ekosistema bat, ondo funtzionauko dauena. Horretarako, Bilboko agente kulturalak batu nahi doguz, esparru askotakoak eta nazinoartetik etorritako adituakaz batera ekingo deutsagu hausnarketeari. Fernandezek dinoanez, ekimen hau handia da, ez bakarrik tamainuan, kalidadean be bai.

Avignoneko Foroa martiaren 5etik 7ra egingo da Alondigean. Lehenengo egunean, beroketa ariketa moduan, RAW (Research Action Workshop) dalakoa egingo dabe, hau da, artista eta adituek euren esperientziak trukatzeko gunea. Hilaren 6an, goizeko hamarretan hasita, eztabaida mamitsua iragarri dabe, arlo publikoaren eta pribaduaren arteko alkarlanaren ganean. Katrin Jakobsdottir Islandiako kultura ministro ohia, Gail Lord Chicagoko kultura planaren arduraduna eta abar egongo dira. Arratsaldean, besteak beste, kultur eragileek Guggenheim Museoa ezagutu ahal izango dabe eta Zorrotzaurre eta Bilbo Zaharrerako martxan dagozan proiektuen barri jasoko dabe. Amaitzeko, martiaren 7an, berbaldi eta mahai-inguruak egongo dira, Guadalupe Echevarria (Donostia 2016ko zuzendari kulturala), Patricia Brown eta Cristina Iglesias artistak, Tarek Cherkaoui Qatarreko museoen arduraduna eta Juan Diego Design&Creativity Councileko idazkari nagusia lako adituakaz. Programea erabat zarratu barik dago, baina goi mailakoa izango da, azpimarratu dau Lourdes Fernandezek. Adituek ez eze, interesa daukien edozein herritarrek parte hartu leike topaketan eta, Fernandezen arabera, EHUgaz alkarlanean dabilz, 50 ikasle konbidatzeko.

Besteak beste, kulturearen eta ekonomiaren arteko hartu-emonak eta kultureak ekonomia ereduak zelan eraldatu leikezan aztertuko dabe. Laure Kaltenbachen esanetan, sorkuntzea, artea eta kulturea ez dira jarduera ekonomiko arruntak, gizartean onura handia dakarre. Kaltenbachek azaldu dauenez, Avignoneko Foroko arduradunak Europako Batzordeagaz lanean dabilz, kulturan oinarritutako Europa eregiteko 2014. urte honetan.

Informazino gehiago hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu