Matematikako 50. Olinpiadearen eskualde mailako fasea egingo da bariku honetan EHUko Leioako campusean

Bizkaie! 2014-01-16 13:11

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Batxilergoko 50 bat ikaslek parte hartuko dabe bariku honetan, urtarrilaren 17an, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko hitzaldi aretoan (Leioako campusa) egingo dan Matematikako 50. Olinpiadearen eskualde fasean, goizeko 09:30etik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Batxilergoko 50 bat ikaslek parte hartuko dabe bariku honetan, urtarrilaren 17an, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko hitzaldi aretoan (Leioako campusa) egingo dan Matematikako 50. Olinpiadearen eskualde fasean, goizeko 09:30etik aurrera.

Matematikako Olinpiadea Espainiako Matematika Alkarteak (RSME) antolatzen dau, EHUko Matematika ataleko irakasle talde baten laguntzinoagaz. Olinpiadako lehen fase honetan 2013-2014 ikasturtean Batxilergoan matrikulauta dagozan EAEko 50 bat ikasle izango dira, EHUk jakinarazo dauenez.

Fase hau bi saiotan banatuta egongo da (09:30ean eta 15:00etan) eta frogak euskeraz edo gazteleraz egin ahal izango ditue parte-hartzaileek. Saio bakotxean hiru problema ebatzi behar izango ditue eta, gehienez, hiru ordu eta erdi izango ditue saio bakotxean hiru problemak ebazteko. Froga honeetan idazteko eta marrazteko tresnak baino ezin izango ditue erabili, hau da, kalkulagailuak, aparatu elektronikoak, eskuko telefonoak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak galarazota dagoz.

Espainiako Matematika Alkarteak hiru ikasle sarituko ditu, diploma bategaz eta bazkide ikaslearen urteko kuotearen ordainketeagaz. Kuota honi esker, besteak beste, RSME alkartearen La Gaceta aldizkaria urte betez jasoko dabe.

Gainera, hiru irabazleak estadu mailako fasera igaroko dira, edizino honetan Requenan (Valentzia) egingo dana, martiaren 27tik 30era bitartean. Bigarren fase horretako lehenengo sei sailkatuek nazinoarteko talde olinpikoa osotuko dabe Nazinoarteko 55. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko, garagarrilean, Lurmutur Urian (Hegoafrika). Era berean, sei horreek, irailean Hondurasen egingo dan Matematikako 29. Olinpiada Iberoamerikarrean be parte hartzeko hautagaiak be izango dira.

Ikasturte honetan be, ohi bezela, EHU matematikei buruzko tailerrak egiten dagoz (eguaztenero, 17:00etatik 18:30etara bitartean, EHUko Bizkaiko Esperientzia Geletan. Matematiketan interesa daben ikasle guztiek parte hartu leikie tailerrotan. Urterik urtera sendotzen doan ekimena da, matematikei buruzko zaletasuna konpartiduten daben ikasleen topagunea baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu