Zinema soziala Bilbotik Bizkaia osora zabalduko da aurten be
2013-09-25 15:27 BarriakKCD gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, Zinema Ikusiezinaren 5. Jaialdia hasiko da asteon. Aurreko urteetan zabaldutako bideari jarraituta, Bilbon ardatza euki arren, Bizkaia osoan ikusi ahal izango dira proiekzinoak. Mundu osoko zuzendarien 66 pelikula egongo dira zinemaldi honetan, gizarteko arazoak salatu eta, zinemearen bidez, errealidade sozialaren ikuspegi zorrotza emoten.
KCD gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, Zinema Ikusiezinaren 5. Jaialdia hasiko da asteon. Aurreko urteetan zabaldutako bideari jarraituta, Bilbon ardatza euki arren, Bizkaia osoan ikusi ahal izango dira proiekzinoak. Ganera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroek eta ikasleek protagonismo berezia eukiko dabe. Mundu osoko zuzendarien 66 pelikula egongo dira zinemaldi honetan, gizarteko arazoak salatu eta, zinemearen bidez, errealidade sozialaren ikuspegi zorrotza emoten.
Eguenean, hilak 26, izango da inaugurazino ekitaldia, Bilboko Alondigan,19:30ean hasiko dan saioan. Film bi proiektauko dira eta musika emonaldia egongo da. Itxiera ekitaldia be Alondigan izango da, urriaren 3an, sari banaketeagaz. KCD talde antolatzaileko Juan Carlos Vazquezek nabarmendu dauenez, baina, gurea izango da inaugurazino ekitaldi bi daukazan munduko zinemaldi bakarra. Izan be, irailaren 27an, barriro zabalduko dabe Zinema Ikusiezinaren Jaialdia, kasu horretan Mungian.
300 proposamen baino gehiago jaso genduzan aurtengo jaialdirako, azaldu dau Vazquezek, azkanean, 66 pelikula aukeratu doguz. Jatorriari jagokonez, aniztasun handia dago: Libano, Palestina, Egipto, Suedia, Ameriketako Estadu Batuak, Mexiko, Nikaragua eta abarreko egileen lanak ikusi ahal izango dira, bertokoakaz batera. Azpimarratu nahi neuke zuzendarien ehuneko 40 emakumeak dirala, pozteko datua da hori, dino Vazquezek. Bestetik, emakumeek zinemaren errealizazinoa ezagutu daien, tailer berezi bat be egiten dabilz Bilbon, Bolunta alkartearen egoitzan.
Bilbon ez eze, Bizkaiko beste herri batzuetan be proiekzinoak egongo dira. Orain dala bost urte, zinema soziala Bilboko erdigunera eroan nahian hasi ginan eta, begira, gaur egun 14 egoitza daukaguz Bizkaia osoan, azaldu dau Vazquezek. Bilbon, Elorrion, Mungian, Barakaldon eta Erandion izango dira proiekzinoak. Era berean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentro batzuetan be lantzen dabe zinema soziala. Ikastetxe horreetan, ikasleek jaialdiko pelikula batzuk ikusi ahal izango ditue eta Ikasleen Saria emongo dabe. Euskal Herriko Unibersidadeko 13 ikasle talde grabetan dabilzan bost minutuko pieza laburrak be aitatzekoak dira, Invisible Express sariketan lehiatuko diranak.
Mungiako Udalak aurten lehenengoz parte hartuko dau zinema sozialaren inguruko jaialdi honetan. Izaskun Uriagereka hango alkateak zehaztu dauenez, guretzat, Udalarentzat, lehenengo aldia da, baina herriak ezagutzen izan dau ekimena, Insititutua orain dala hiru urte hasi zalako kolaboretan. Olalde aretoan, proiekzinoak izango ditue irailaren 27, 28 eta 29an, guztira 22 film. Era honetako lanek, gizartean esperantzea zabaltzen dabe eta burruka eredu bat agirian itxi, esan dau Uriagerekak, mimoz egindako zinemaldia da eta pozik hartuko dogu herrian. Ganera, aurten babesle barik geratu da Ikasleen Saria eta, gaur bertan Bilbon egindako aurkezpenean, Izaskun Uriagerekak iragarri dau, Mungiako Udala prest egongo dala, beste babeslerik agertu ezean, sari hori babesteko.
Paul Ortegak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Zinema Ikusiezinaren Jaialdiaren onurak goraipatu ditu: Baloreetan oinarritutako hezkuntzea zer dan ikasten hasi gara, eta jaialdi honi esker, hori gizartean zelan garatzen dan ikusi geinke. Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Xabier Legarretak aitatu dau gizarte justuago eta bardinzaleago baten bila doan ekimena da. Ganeratu dauenez, gogoetarako lekua eskaintzen deusku, giza eskubideak eta aniztasuna ardatz dirala. Juan Carlos Vazquezek adierazo dauenez, epaimahaia 14 emakumek eta zazpi gizonek osotuten dabe, nahita egiten dogu, emakumeari protagonismoa emotearren. Entzumen arazoak daukiezanak be gogoan ditue eta, holan, proiekzino askok azpitituluak izango ditue.
Jaialdiak 150.000 euroko aurrekontua dauka eta, aurten, 16.500 euro emongo ditue saritan. Ganera, aitamen berezia egingo jake Margarita Maguregiri, zinema alternatiboan egin dauan lanagaitik, eta FAS zineklubari, zinemagintzearen harribitxiak Bilbora ekarteagaitik. Mundu zabaleko ekoizleak batuko dira, beraz, egunotan Bilbon eta Bizkaian. Euretako bat, jatorri nikaraguarreko mexikarra dan Mercedes Moncada zuzendaria, aurkezpenean egon da. Zinema soziala ispilua dala azaldu dau, besteen errealidadea ezagututa, geure burua ikusten dogu. Enpatia aldarrikatu dau Moncadak, gizarte bidezkoago bat eregiteko osagai nagusia dalakoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!