Jose Angel Mentxaka: 'Aholkurik? Motxilan ahal danik eta pisu gitxien eroatea'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-09-16 11:36   Barriketan
Mendizalea

Datorren zapatuan Iruñea-Bilbo I. Zeharkaldia egingo dabe hainbat korrikalarik, Nafarroa Kirol Elkarteak eta Club Deportivo Bilbaok antolatuta. Gehienez 30 ordu izango ditue parte-hartzaileek 168 kilometro eta 6.000 metro positiboko desnibela gainditzeko. Hontsu, galapan barik, Jose Angel Mentxaka eta Goyo Garciak derioztarrek oinez egin dabe bide bera. Abuztuaren 12an Derion hasi, eta Iruñean amaitu eben, hilaren 18an, 188 kilometroko ibilbidea. Gustura amaitu eben, eta badabilz hurrengo proiektua prestau gurean...


1.- Derion hasi eta Iruñeraino. Zelan otu jatzuen holango proiektu berezia egitea?

Aspaldiko kontua da, orain dala urte asko ahalegindu nintzan antzeko zeozer egiten, Altsasuraino, baina ezin izan neban, belauneko minagaitik. Ordutik buruan euki dot, eta aurten pentsau, eta egin egin dogu.


2.- Ez zara bakarrik joan, laguna euki dozu, ezta?

Bai, Goyo Garcia Derioko lagun bategaz joan naz, eta amaieran beste hiru lagun batu jakuzan. Baina, hasi eta amaitu, Goyo eta biok, bai.


3.- Denpora asko emon dozue ibilbidea prestetan?

Gaur egun Internetegaz ez da gatxa, astebeteko gauzea izan da. Prestaketa fisikoa beste kontu bat da. Nik arazo gehiago izan dot, bildur nintzan gorputzak zelan erantzungo eban, ia amaituko neban. Mendira joan lantzean behin, bestela ez dogu prestaketa berezirik egin. Zazpi egunean egin dogu, ez da hain gatxa be izan.


4.- Zazpi egunean 180 bat kilometro egin dozuez, orduan?

Lehenengo hiru etapak 30 kilometrokoak izan ziran, laugarrena 25ekoa, eta azkenengoak 20koak. Hasieratik erabagi genduan ez bagara heltzen, ba buelta, eta kitu. Baina, ondo ibili gara, gustura. Lehenengo etapea Deriotik Dimako Artaun auzuneraino izan zan; bigarrena, Artaunetik Legutiora; hirugarrena, Legutiotik Barriara; laugarrena, Ibarguneraino; bosgarrena, Urbasara; seigarrena, Olloraino; eta azkenengoa, helmugaraino, Iruñearaino. Dana pentsau genduan lez urten jaku.


5.- Zatirik gatxena zein izan da?

Ba, gatxena bigarren eguna, Artaunetik Legutiora. Aldatz handia dago, Otxandiora igon egin behar da eta. Dana da mendia, eta galdu be egin ginan. Egun luzea izan zan, aldatzak eta erdi galduta ibiltea... Ganerako etapak nahiko eroangarriak izan dira. Eguraldia be lagun izan dogu, hasierako egunetan ilun baina euririk ez, amaieran txarren, eguzkia eta beroa. Iruñeara heltzen gagozala, dana zan garisoloa, ez egoan gerizperik. Baina, eguraldiagaz subertea euki dogu.


6.- Eta parajerik politena zein izan da?

Lehenengo eguna berezia izan zan, Txorierri pasau, Zornotzaraino heldu. Bigarren eta hirugarren etapak be politak izn ziran. Dana zan basoa, pagoa eta haretxak. Eta, Araban, lautadea. Euskal Herriko paraje guztiz desbardinak ikusi doguz, Artaunetik Otxandiora baso-basoan joan ginan, Urbasa be berezia da, eta amaieran garia eta lautadea. Danetarik ikusi dogu, itsasoa bakarrik falta!


7.- Laguntza logistikorik edo euki dozue?

Printzipioz, etapa guztien amaieran bageunkan non lo egin, landetxe eta aterpetxeak, baina abuztua zanez, dan-dana beteta egoan. Geure kontu egitea pentsau genduan, halan, egun batean izan ezik, ganerako guztietan behearen ganean egin dogu lo, baselizen atarietan eta. Bazkaldu eta afaldu tabernan egin dogu, arazo barik. Motxilan zenbat eta pisu gitxiago, hobeto. Oso inportantea da, gitxiengo gauzak eroan behar dira. Bide luzea da lepoan kilo asko eroateko.


8.- Bidean topau dozuen oztoporik handiena, kilometroak, burua...

Ni neuk ez nekien helduko nintzan ala ez, baina, tira, heldu ezean autobusa hartu eta etxera. Azkenengo egunean euki neban bernea halan-holan, baina osterantzean dana ondo. Eta burua, ba beste bategaz joanda errazagoa da. Egia esan bidean ez dogu inor topau, paraje horreetatik ez dabil inor. Arabako GR bat egin genduan, oso gitxi zapaldu dogu asfaltoa.


9.- GPSa edo eroango zenduen, ezta?

Bai, lehenengo bider erabili dodana. Ondo etorri jaku, ze bidea ondo marketa dago, baina lekuren baten ez dago argi, eta hor GPSak lagundu egin deusku. Lantzean behin erabili izan dogu.


10.- Zuek izango dozue beste proiekturen bat buruan, ziur.

Ba, bai, antzeko zeozer, baina beste leku batetik. Datorren urtean egiteko asmoa daukagu, ezin da gehiagorik kontau momentuz...


11.- Ze aholku emon zeunkie?

Ba, aholkuak baino, animoak emongo neuskio egin gura dauen edonori. Bidearen zatirik handiena ondo marketa dago, ez da gatxa. Eta abuztuan ez bada, askoz errazagoa izango da lo egiteko lekua topetea, guk Ibargurenen bakarrik lortu genduan ohe batean lo egitea.

Aholkurik, bestela? Motxilan pisu gitxi, ahal danik eta gitxien. Garrantzitsu da hori, ordu asko dira egunean. Oinetako onak behar dira, baina hatx askorik ez dagoanez... Eta apurtxu bat prestau behar da, ezin da ezer ibili barik martxan hasi. Eta luzaketak, eguneko kilometroak amaitzen diranean, luzaketak egin behar dira. Ez daukagu ohiturarik, baina 10 minutu edo egin egin behar dira, hurrengo egunean bidea segiduteko.


12.- Eta behin Iruñeara heldu eta, ospakizunen bat egingo zenduen, ezta?

Ba, egia esan ez guk gura genduan lez... Ordu bietan heldu ginan, eta bostetan eukagun bueltako autobusa. Gaztelu Plazan amaitu genduan, argazkia be atera genduan. Menu bat bazkaldu, kafea hartu, eta autobusera. Ezin izan genduan gehiagorik egin! Buruan beste gauza bat geunkan baina.


13.- Hurrengo proiektuan helmugako ospakizuna kontuan hartu beharko dozue.

Bai, bai, jakina. Hurrengoan, bat barik bi egingo doguz, kar, kar


14.- Irailaren 21ean, Nafarroa Kirol Elkarteak eta Club Deportivo Bilbaok antolatuta, kontrako bidea egingo dabe, Iruñeatik Bilbora. Iruñea-Bilbo I. Zeharkaldia oinez barik, galapan egiteko asmoa daukie.

Bai, bai, entzun dogu zeozer. Nik behintzat korrika ez dot uste egingo neukenik. Hainbeste kilometro karra, eta denpora jakin batean, niretzat astokeri hutsa da. Baina gustetan jakonarentzat, eta egin leikenarentzat, ba ederto. 30 ordu parau barik, nik ezingo neuke.


15.- Goyo ta biok ez zarie animauko, orduan?

Ez, ez, oinez be etapa bakarrean ez dakit ba...


Jose Angelek eta Goyok egindako ibilbidea, Google Maps-en ikusi gura izan ezkero, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu