Kazetariek Hurreko Ekialdeko eta Afrika mediterranearreko egoerearen inguruan eztabaidatuko dabe Gasteizen

Bizkaie! 2013-08-20 10:55

Abuztuaren 20tik 29ra bitartean, Kazetaritza, bertatik bertara titulupean, kazetaritzearen inguruko programazino kulturala eskainiko dau Gasteizko Udalak. Egitarau honen barruan, gatazka guneetan lan egiten daben kazetari eta fotokazetariek, zein atzerriko hedabideetako korresponsalek, Hurreko Ekialdeko eta Afrika mediterranearreko egoerearen inguruan eztabaidatuko dabe.

Abuztuaren 20tik 29ra bitartean, Kazetaritza, bertatik bertara titulupean, kazetaritzearen inguruko programazino kulturala eskainiko dau Gasteizko Udalak. Egitarau honen barruan, gatazka guneetan lan egiten daben kazetari eta fotokazetariek, zein atzerriko hedabideetako korresponsalek, Hurreko Ekialdeko eta Afrika mediterranearreko egoerearen inguruan eztabaidatuko dabe. Europako egungo egoerea edota kontinente zaharreko herrialdeen arteko desbardintasunak, eta zelan ikusten dauen batak bestea be berbagai izango dira.

Gasteizko Udalak jakinarazo dauenez, abuztuko programa kultural hau Villa Suso jauregian egiten diran berbaldi eta mahai borobilek egituratzen dabe; horreetan, gatazka guneetan lan egiten daben barriemoile edota fotokazetariek, zein bertako eta atzerriko hedabideetako korresponsalek parte hartuko dabe.

Berbaldi eta mahai-inguruak 12:00etan izango dira eta sarrerea librea izango da lekua bete arte. Antolatzaileak adierazo dabenez, Egiptoko egunotako jazoerek azken orduko aldaketak eragin ditue berbaldietan, ze lehen lerroko kazetariak diranez, bertara bialdu ditue hango gorabeheren barri bertatik bertara emon deien.

Edozelan be, 2012ko World Press Photo sariaren irabazle Samuel Aranda fotokazetaria, TVEko barriemoile Alvaro Lopez de Goikoetxea, zein Karlos Zurutuza kazetaria be Arabako uriburuan izango dira. Zurutuza freelance kazetaria eta Inter Press Service (IPS) agentziako, alemaniako Deutsche Welle irrati-telebista publikoko eta Berria egunkariko ohiko kolaboratzaileak egunotan Egipton dabilen Mikel Ayestaran kazetaria ordezkatuko dau. Bere lana, beste askoren artean, The Guardian egunkari britainiarrak edota The Atlantic estadubatuarrak argitaratu dabe.

Edizino honetarako aukeratutako gaiak, gaurkotasunagaitik, Afrika mediterranearra eta Hurreko Ekialdea dira, izan be, upealako garrantzia geopolitikoa dago tartean; era berean, Europako egungo egoerea edota kontinente zaharreko herrialdeen arteko desbardintasunak, eta zelan ikusten duaen batak bestea be aztertuko ditue.


Erakusketa, tailer eta pelikula zikloa

Arratsaldeetan, programan lantzen diran gaien inguruko pelikula ziklo bat egongo da. Emonaldiak arratsaldeko 20:00etan izango dira eta sarrereak 2 euroan erosi ahal izango dira.

Egitarauaren barruan, Udabarri Arabiarraren inguruko argazki erakusketa bat be izango da Samuel Aranda fotokazetariaren argazkiakaz.

Aitatu ekitaldi horreek guztiak biribiltzeko, Marrazki Bizidunak Egiten Ikasi umeentzako tailerra be egingo da eta hor txikienak animazinoaren mundura hurreratzea da helburua. Tailerra euskeraz izango da abuztuaren 29ko goizeko 11:00etan. Izena emoteko epea zabalik egongo da abuztuaren 19tik 27ra 616 13 04 19 zenbakian eta bi euro balioko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu