300 ekitalditik gora Bilboko Aste Nagusian

Bizkaie! 2013-07-16 15:45

Bilboko Udalak publiko, gustu eta adin guztietarako egitaraua eskainiko dau Aste Nagusian, danetara 300 ekitaldi. Itziar Urtasun Jai Batzordeko presidenteak prentsaurrekoan nabarmendu dauenez, kalidadea, aniztasuna eta dobakotasuna dira egitarauaren ardatz nagusiak.

Bilboko Udalak publiko, gustu eta adin guztietarako egitaraua eskainiko dau Aste Nagusian, danetara 300 ekitaldi. Itziar Urtasun Jai Batzordeko presidenteak prentsaurrekoan nabarmendu dauenez, kalidadea, aniztasuna eta dobakotasuna dira egitarauaren ardatz nagusiak.

Jarduera ugari eskainiko dira Bilbon, abuztuaren 17tik aurrera, gehienak kalean: su artifizialak, kale antzerkia, lehiaketa gastronomikoak, herri-kirolak, gustu guztietarako kontzertuak eta abar. Kasilda Parkea Txikigunearen egoitza izango da aurten be, igazko arrakastearen ondoren.

Zortzi musika agertoki izango dira aurten, eta bakotxean musika estilo jakina eskainiko da: Europa Plazan, gaurkotasuneko taldeak; Abandoibarran, kontzertu eta ekitaldi popularrak; Plaza Barrian, munduko musikak; Gizakundeko plazan, musika klasikoa; Bilborocken, bertoko pop-rocka; Arenaleko kioskoan, Bilboko Udal Bandea; Arenalean, berbenak, bandak eta fanfarriak; eta, Casilda Iturritza parkeko Pergolan, bilbainadak.

Aste Nagusiko musika-kartelean, besteak beste, ondoko talde eta musikariak egongo dira: Kalakan, La Pegatina, Betagarri, Macaco, Ana Belen, Fangoria & Nancys Rubias, American Spirituak Ensemble & Barcelona Jazz Orchestra, Vocalia, Los 5 Bilbainos, Irrintzi eta Egan.

Antzerkiari jagokonez, Udalak 23 emonaldi prestau ditu. Saioak goizez eta arratsaldez egingo dira, doban. Antzezlanen artean, Gaitzerdi taldearen Suz nabarmendu dabe prentsaurrekoan. Bilboko konpainiak 25 urte bete ditu aurten eta Arriagara hurreratuko diran guztiekaz ospatu nahi dau.

Aurten be Santiago plazea izango da bertso-saioen gunea. Zazpi saio eta bertso-bazkari bat eskainiko ditue. Alaia Martin, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Oihana Bartra, Xabier Silveira, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Julio Soto, Sebastian Lizaso eta Igor Elortza bertsolariak ibiliko dira kantuan, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu